Albisteak
MIGRAZIOA
"Moria metafora argi eta bisuala da Europako migrazio-politiken porrota azaltzeko"
Euskadi Irratiko "Faktoria"n Moriako errefuxiatu-eremura jo dugu, SeaWatch4 ontzira eta Irungo harrera gunera. Sustrai berdina duten hiru errealitate, migrazioaz eta Europaren erantzunaz aritzeko.
-
MORIA
25:13 min
Lesbosera, Palermora eta Irunera jo dugu "Faktoria"n, Europako migrazio-politikaren porrota bertatik bertara ezagutzera. Moriatik hitz egin digu Ane Irazabal lankideak. Errauts eta txikizio artean, Europako errefuxiatu-eremu handiena "desagertu" egin dela kontatu digu: "Moria ez da existitzen, hezurdura baino ez da geratzen, eta erre usaina etengabea da". Arazoa, nolanahi ere, sutetik harago doala azaldu du: "Iheslariek hilabeteak eta urteak daramatzate asiloa tramitatu zain, askok senideak dituzte Europan zain eta hori konpondu gabe Moriako tapoia ez dute askatuko. Gertatutakoa porrotaren metafora bat da".
Lesbosetik Palermora jo dugu, Borja Olabegojeaskoetxea SeaWatch4 erreskate-ontziko makinen lehen ofiziala elkarrizketatzeko. 43 urteko eibartarra koronabirusarekin lotutako berrogeialdia ari da egiten, iraila hasieran jaso eta lehorreratutako 373 migratzaileek eta eskifaiako 30 kideek bezala. Erreskate osteko 48 orduak "lasaiak" izan ohi direla azaldu du, baina bosgarren egunetik aurrera migratzaileen arteko "arrakalak eta liskarrak" azaleratzen direla. Italiako agintarien zorroztasunaz, berriz, argi du aurrerantzean "eragozpenak" izango dituztela erreskateak egiteko, baina ez dute etsiko.
Eta azken geldialdia Irunen. San Juan plazako harrera-gunetik aritu zaizkigu Oihana Galardi eta Jon Aranguren Irungo Harrera Sareko kideak. "Legez kanpoko imigrazioa" kontrolatzeko Baionako prefetak 27 kontrol-gune jarriko dituela iragarri berritan, operazioa "zirku mediatiko" bat dela salatu dute eta babeserako behar lukeen dirua "xahutzea" leporatu diote. COVID-19aren pandemiak migrazio-fluxuetan izandako eraginaz ere aritu zaizkigu.
Hiru errealitate. Sustrai berdina.