Faktoria
Elkarrizketa
Elkoro:'Euskal Herriak aurrera egiteko, abertzaleon batasuna behar da'
M.G. | Erredakzioa
Ezker abertzaleko militante historikoak, askatasuna eskuratu berri duenak, "oso ahul" ikusten du Euskal Herria, "zatituta" dagoelako.
-
Jose Luis Elkoro ezker abertzaleko militante historikoa, Euskadi Irratian. Argazkia: EiTB
Jose Luis Elkoro ezker abertzaleko militante historikoak abertzaleen "batasuna" aldarrikatu du "Euskal Herriak aurrera" egin dezan; izan ere, "oso ahul" ikusten du, abertzaleak "zatituta" daudelako.
Euskadi Irratiak elkarrizketa egin dio 18/98 sumarioaren baitan 72 urterekin zigortu eta 80 urtera arte preso (azken 5 urteak, etxean) pasatu dituen militante abertzaleari, eta etsipenez agertu da egungo testuinguru politikoari dagokionez.
Elkorok askoz ere "ilusio, itxaropen eta indar" handiagoa ikusten zuen abertzaleen artean duela 30 urte. Euskal Herria "nortasunik gabe" antzematen du: "Gure eskumenak Madrilen esku daude, eman eta kendu egiten digute".
Hala, "abertzaleen batasunean" omen dago etorkizuna, baina ez du EAJ bide horretan ikusten, "eskumenen lehian" baizik, eta ez du uste "hori denik bidea. Ikusi dugu, badugu esperientzia".
Bakea
Elkorok bakea eta batasuna aldarrikatu zituen askatasuna lortu ostean egindako ekitaldian, eta lehenengoaz galdetuta, gaur egungoa ez dela bake egoera azpimarratu du: "Presoak daude, atxilotuak eta senideak. Oso egoera tentsionatua dago. Astero egiten dira bilerak eta asanbladak. Euskal Herriaren zati handi bat ez dago bakean".
Armagabetzeari dagokionez, "armak utzita" daudela esan du, eta hori "gure aldetik aspalditik dago konponduta; orain, arazoa Madrilena da".
Arnaldo Otegiren lidergoa
Elkorori ez dio ardura ezker abertzalearen baitan ustez dagoen zatiketa, "hauteskundeetako porrotarekin" lotzen baititu: "Ez da arriskutsua, ez dago sakoneko arrazoirik, joango da bere tokian ipintzen".
Hala ere, Arnaldo Otegi hizpide hartuta, bere esku ikusten du lidergo politikoa, "beste estilo bateko liderrak" beharrezko jotzen baititu, baina ez ezker abertzalearen barruan, baizik eta "gobernatzen".