Faktoria
Josu Erkoreka
'ETAk agur esan behar zuen, min handia egin duen tokian: mugatik behera'
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen ustez, Hego Euskal herrian irudikatu behar zuen ETAk bere agurra.
-
22:37 min
ETAk kalte handiena Hego Euskal Herrian egin zuen, eta hortaz, Hego Euskal Herrian irudikatu behar zuen bere agurra. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzak dira. Euskadi Irratiko 'Faktoria'n azpimarratu du, Iparraldean erabat desberdina izan dela ETAren jarduna eta kaltea eta hortaz, Erkorekaren ustez, " ETAk bere bilakaerari amaiera emateko nonbait egin nahi bazuen, konpromisoz egiteko", "kaltea nabarmenagoa izan den tokian egin behar zuen: mugatik behera".
ETA desagertu zela astea bete ez denean, epe laburrean eman beharreko pausoak aipatu ditu Jaurlaritzako sailburuak. Espetxe politika horietako bat da eta Josu Erkorekaren iritziz, "gai hori lantzeko batzar egokia ez da itun antiterrorista, hortik kanpo egin liteke". Adibidez, esan du Erkorekak, Nafarroako eta Espainiako gobernuekin batera osatu litekeen batzar batean.
Egindako minaren aitortzaren inguruan, Josu Erkorekari berretsi du ETAk egin duen biktimen arteko bereizketa etikoki ez dutela onartzen eta "hori nahitaez gainditu" behar dela. "ETAk egin ez duen heinean, norbaitek egin beharko du" esan du Erkorekak, "ezker abertzaleak egin beharko du lehenago edo beranduago".