Itxi

Politika

ETA-ren amaiera

Arnagako Adierazpenak ETAren amaiera aldarrikatu eta adiskidetzeko deia egin du

eitb.eus

'Euskal Herriko etorkizun berriaren ordezkari bezala', Irati Agorria Cuevas gazte gernikarrak irakurri du euskaraz agiria Arnaga etxearen kanpoaldean.

Arnagako Adierazpenaren irakurketarekin amaitu da gaur goizean Kanboko Arnaga etxean egindako ETAren amaiera ekitaldia. 'Euskal Herriko etorkizun berriaren ordezkari bezala', Irati Agorria Cuevas gazte gernikarrak irakurri du euskaraz agiria. Michel Camdessus FMIko zuzendari ohiak irakurri du frantsesez; Jonathan Powell politikari irlandarrak ingelesez; eta Cuauhtemoc Cardenasek gaztelaniaz.

Orain dela zazpi urte, 2011n, "Europako azken gatazka politiko armatua gainditzeko aukera erreal bat zegoela sinetsita" joan zirela Donostiara azpimarratuz hasi du agerraldia. Orduan, "alde orori bide baketsu eta demokratikoa egiteko deia egin ziela" nabarmendu du gazte gernikarrak, "bake justu eta iraunkorra lortzeko".

Bide horretan, ETAk ekinbide armatua behin-betiko uzteko erabakiarekin erantzun zuela argitu du, eta iaz, 2017ko apirilean, antolakuntzaren armagabetzearekin. Orain, 2018ko maiatzaren 3an, "erakunde armatu izateari utzi dio", gaineratu du.

Zazpi urte horietan euskal gizarteak eta hainbat erakundek aurrerapauso esanguratsuak eman dituztela onartu arren, egindako beste dei batzuek ez dutela erantzunik izan adierazi du. Esate baterako, Adierazpenaren esanetan, "ETA eta Espainiako gobernuaren artean ez da elkarrizketarik egon", Aieten hala aholkatu zen arren.

Konpondu gabeko gaiak

Ondoren, gaur egun konpondu gabe jarraitzen duten hainbat gai aipatu ditu oharrean: presoen eta ihes egindako pertsonen auzia, besteak beste. Halaber, "berradiskidetze prozesua egiteko" dagoela gaineratu du, eta "guztion ahalegina" beharrezkoa izango dela, "zauriak sakonak baitira". Zentzu horretan, "bakea eraikitzeko aktore guztien arteko elkarrizketa politikoa" funtsezkotzat jo du Arnagako Adierazpenak.

Ospakizun eguna

"Gaurkoa egun ona da Euskal Herriarentzat, Espainiarentzat, Frantziarentzat eta Europa osoarentzat" esanez amaitu du Irati Arrigorriaga gernikarrak oharraren irakurketa: "Ziur gaude guztion ahaleginarekin konponbide oso, justu eta iraunkorra lortuko dela".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena