Itxi

Faktoria

Eguneko efemeridea

Isadora Duncan dantzari eta koreografoaren jaiotza

Efemeridearen tartean, gaur, Isadora Duncan dantzari eta koreografoa. Bizirik balego, urteak beteko zituzkeen asteburu honetan.

  • 3:06 min
imagen player
imagen player
imagen player

Apartekoa izan zen Isadora Duncanen bizitza, azken hatsera arte.

San Franciscon sortu zen, baina jaiotza-data ez dago garbi. Bi egun aipatzen dira biografietan: 1877ko maiatzaren 26a, eta 1878ko maiatzaren 27a. Nolanahi ere, asteburu honetan urteak beteko zituzkeen.

Entzuten ari garen Beethovenen zazpigarren sinfonia honen erritmora dantzatzen irudika dezakegu. Oinutsik, baleteko tuturik gabe. Ilea askatuta, bere izaerarekin bat. Iraultzailea.

Jasone Osoro idazleak Duncanen biografia idatzi zuen, orain hogei urte. Dantza egiteko beste modu bat ekarri zuela, azpimarratu du. Pasioa, askatasuna, iraultza, feminismoa… Halako hitzek definitzen dute Duncan. Haren amak izan zuen zerikusirik, horretan.

Hogei urte pasatxo zituela, Amerikako Estatu Batuetatik alde egin zuen ama eta ahizparekin, eta Europara etorri. Hain zuzen, jendeak kontrakoa egiten zuen garaian; hau da, Europatik Amerikara jo.

Kontrako noranzkoan zihoan, zentzu guztietan. Bi haur izan zituen, biak ezkontzaz kanpo eta bikote desberdinekin. Behin ezkondu zen, bera baino ia hogei urte gazteagoa zen Sergei Yesenin idazle errusiarrarekin, eta urtebeteren buruan banandu ziren. Bisexuala zen. Eta komunista. Hori guztia, hogeigarren mendearen hasieran.

Askatasun hori islatzen zuen bere koreografiatan. Baina karga ere bai. Halako bizimoduak ezin zuen bukaera arrunta eduki. Nizan hil zen, auto batean zihoala, itota, lepoan zeraman zapia, ibilgailuaren gurpiletan korapilatu zelako. 1927a zen. 50 edo 51 urte zituen.