Itxi

Faktoria

Iñigo Iturrate, EAJ

'Adostasun zabalagorik ez da izan EH Bilduren akordiorako beldurragatik'

Iturrateren esanetan, Estatutu berrirako testua egiteko EAJk, EPk eta PSEK izendatutako adituek aurkeztu duten dokumentua fidela da lantaldeak egin zien enkarguarekin, eta % 80ko adostasun maila du. 

  • Iñigo Iturrate

    Iñigo Iturrate

    20:15 min
imagen player
imagen player
imagen player

Iñigo Iturrate EAJren Legebiltzarreko autogobernu lantaldeko bozeramaileak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n defendatu du eman zitzaien enkargua egoki bete dutela EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk izendatutako adituek, eta aurkeztu duten testua fidela dela eman zitzaien aginduarekin.

Iturratek esan du egin beharrekoa ez zela EAJk eta EH Bilduk adostutako oinarrien fotokopia bat egitea, baizik eta Gernikako estatutua berritu ahal izateko adostasun zabal eta berriak lortzea. Akordioan EH Bildu ez egotearen arrazoia da, legebiltzarkide jeltzalearen ustez, indar honek akordioari edo konpromisoari dion beldurra. Esan du norbere sentimenduak modulatu egin behar dituela besteekin bizi eta adostasunak lortu ahal izateko, eta uste du EHbilduk beldurra diola modulatzeari, edo benetan ez duela sinesten negoziazioaren eta akordioaren bidean.

EAJk testu artikulatu bat osatu ahal izateko gogoeta aldi bat eskatu izanari buruz Iturratek dio epea bezain garrantzitsua dela testua ahalik eta adostuena izatea, eta bermeak eskaintzea amildegirako bidea izan ez dadin. Ibarretxe lehendakariaren planak Madrilen horma bat aurkitu zuela gogoratu du, eta jada probaturiko biderik ez dutela errepikatuko. Gizarteari eskaintzen zaion bidea eraginkorra izateko ardura dutela adierazi du, printzipio demokratikoarekin batera, errealitate printzipioa ere kontuan hartu behar delako.

Edozein kasutan, gogoratu du Mikel Legardak aurkeztu duen testuan erabakitzeko eskubidea biltzen dela. PSE-EEtik Idoia Mendiak gai honetan ez tematzeko eskatu diela eta, Iturratek sozialistei egin die eskaria, arrazoirik gabeko ezezko borobilean ez tematzeko.

Legebiltzarkide jeltzalek nabarmendu nahi izan du hiru adituek aurkezturiko testuak adostasun maila zabala duela eta oso baliagarria dela, besteak beste, eskubideen katalogo zabala aitortzen duelako.

Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek datorren urteko aurrekontuak onartzeko aurre-akordioa lortu izanari buruz, Iñigo Iturratek berri ona dela esan du, EAJrentzat, Jaurlaritzarentzat eta herritarrentzat.