Faktoria
Mitxel Lakuntza
“Deseskalatzea kontsentsurik gabe ari da egiten Jaurlaritza”
Segurtasun bermeak betetzen ez direlako lan ikuskaritzan egindako salaketak erantzun gabe daudela esan du Lakuntzak eta koronabirusaren krisiak sektore publiko indartsu baten premia erakutsi duela.
-
Mitxel Lakuntza
21:15 min
Mitxel Lakuntza ELA sindikatuaren idazkari nagusiak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n salatu du alarma egoeraren deseskalatzea kontsentsurik gabe ari dela diseinatzen Eusko Jaurlaritza. Sindikatuei aldi honetarako ekarpenak eskatu omen zizkien, baina Lakuntzak dioenez ez die horiei erantzunik eman.
Krisialdi honetan guztian Jaurlaritzak lehentasunak gaizki kokatu ditu ELAko idazkari nagusiaren ustez, patronalari mesede egitea lehenetsiz eta langileak lanera bultzatuz, euretako asko lanera beldurrez doazen bitartean. Salatu du enpresetan ikusten dituzten gabeziekin salaketak jartzen dituztela lan ikuskaritzan, baina gero honek ez duela erantzuten. Tubacex eta Sidenor, esaterako, ikuskaritza hori egin gabe jarri direla martxan esan du.
Lakuntzak gogoratu du oraindik jardueraren % 25era ez dela iritsi, enpresa askok ezin dituztelako segurtasun bermeak bete eta, gainera. hornitzaile arazoak ere badaudelako.
Aurtengo lehen hiruhileko langabezia datuak ezagutu berritan, bere iritziz argi erakusten dute datuek behin-behinekotasuna dela koronabirusaren krisia agertu ondorenean hainbeste lanpostu suntsitzearen motiboa, lehen kolpean jende piloa joaten delako kalera. Beste herrialdeek ez duten gaitza dela nabarmendu du Lakuntzak
Gizarte babesaren ikuspuntutik Espainiako Gobernuak iragarritako gutxieneko diru sarrera egokia izan daitekeela iruditzen zaio. Esan du, hori bai, norbanakoari loturiko laguntza izan behar dela, eta ez, diru sarrerak bermatzeko errenta bezala, familiaren sarreren araberakoa.
Krisialdi honetatik atera beharreko irakasgaia da sektore publiko indartsua izatea behar dela horrelako egoeretan gizarteari erantzuteko. Nabarmendu du orain jabetu garela benetan funtsezkoak diren lanak, osasungintzan, egoitzetan, garbiketan edota merkataritzan, prekarioenak direla, eta askotan, feminizatuenak. Hori aitortu eta sektore hauek indartu behar direla dio.
Larrialdia hasi zenetik adinekoen egoitzetan egoera hobetu dela esan du ELAko idazkari nagusiak, baina batez ere sindikatuek egindako presioari esker izan dela hori.