Faktoria
Konfinamendua espetxeetan
Presoen isolamendu bikoitza
Gaurtik aurrera hasiko da pixkanakako deseskalatzea espainiar estatuko espetxeetan. Konfinamenduak iraun duen bitartean erabat etenda izan dira bisitak eta espetxe barruko jarduerak.
-
Zaballako espetxe barrualdea
6:13 min
Presoekin lan egiten duten elkarte guztiak bat datoz esaterakoan bereziki gogorra izan dela alarma egoeran ezarritako itxialdia berez askatasuna ukatua dutenentzat.
Isolamendu bikoitza izan dela diote, preso egoteak dakarrenari gehitu zaiolako kanpo mundurako dituzten leiho apurrak istea, direla bisitak, direla espetxe barruko jarduerak.
Karmele Amundarain Gipuzkoako espetxe pastoral elkarteko boluntarioak gutun bidez jarraitu du harremanetan normalean astean birritan bisitatzen dituen Martuteneko presoekin. Eskutitz horietan kontatu diote barruan bizi izan duten estres egoera, kezka eta motibazio falta.
Julen Guaresti Salhaketa-Araba elkarteko kideak esan digu posible izan dutela familiari ohi baino dei gehiago egitea, baina deiak ordaindu egin behar izaten direla, minutuko bi euro eta erdi, eta preso askok ez dutela horretarako baliabiderik.
Bideodeiak egiteko aukera ere izan dute presoek, esan digutenagatik Martuteneko espetxean sarriago, Zaballakoan zailtasun gehiagorekin.
Denak bat datoz, bestalde, jendearen sartu-irtenak murriztuta espetxeetako droga mugimendua ere asko murriztu dela esaterakoan, nahiz eta erabat ez den desagertu. Julen Guarestiren ustez askotan droga eta botikak erabiltzen dira presoak lozorroan, stand-by egoeran, kontrolatuta mantentzeko helburuz.
Hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna
Alarma egoera indarrean sartu ondoren aukera izan dute hirugarren graduan dauden preso gehienek gauez espetxera bueltatu beharrik ez izateko. Haizea Baltasar Arrats elkarteko gizarte langileak esan digunez, hirugarren gradu hori emateko tramitazioak bizkortu egin ziren. Hala ere, bere esanetan, legediak ematen du aukera preso gehiago askatzeko: zigorra betetzear dutenak, adinekoak edota epaiketa zain daudenak. Udazkenerako aipatzen den gaitzaren ber-indartzeari begira, kontuan hartu beharreko irizpidea litzatekeela dio. Horrekin batera azpimarratzen du, ordea, Baltasarrek, espetxean dagoen jende askok nora joanik ez duela eta haientzat baliabideak bideratzea beharrezkoa dela.
Urruntzeak eragozten ditu bisitak
Espetxeetako deseskalatzea 0 fasea gainditua duten lurraldeetan aplikatuko da eta bisitak baimentzerakoan, esaterako, probintziaren baitako bisitariak onartuko ditu soilik espetxe zuzendaritzak. Ikusteko dago Euskal Autonomia Erkidegoan bisitetarako erkidego guztia izanda erreferentziazko eremua, espetxerako baimenak ere horren arabera ematen diren.
Julen Guaresti Salhaketa-Arabako kideak, hala ere, argi du oraindik preso asko geratuko direla bisitarik gabe. Euskal Herriko 2000 preso daude espainiar estatuko espetxeetan eta horietatik soilik 900 daude Euskal Herriko kartzeletan, gainerakoak sakabanatuta daude. Bestalde, Euskal herriko espetxeetan beste erkidegoetako 900 preso daude. Guarestik dio onartezina dela egoera hau eta erkidego bakoitzak egin behar dela bere presoen kargu.
Bisitekin batera gaurtik aurrera baldintzak betetzen dituzten presoek irteteko baimenak jasoko dituzte berriz. Edozein kasutan, irten eta espetxera bueltatzen direnek 14 eguneko berrogeialdia gorde beharko dute itzulitakoan.