Itxi

Faktoria

Markel Olano

“Bidesariak ezinbesteko dira, zergak errepideetan erabili beharra kolpea litzateke”

Garraiolarien bidesariak diskriminaziorik ez duela eragiten dio Olanok eta helegitea iragarri du Gorenean. COVID-19ak eragindako krisiak Aldundiaren legealdi egitasmoak oinarritik aldatuko ditu.

  • Markel Olano Euskadi Irratian

    Markel Olano Euskadi Irratian

    31:14 min
imagen player
imagen player
imagen player

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan du N-1 errepideko bidesariak funtsezkoak eta ezinbestekoak direla, bildutako dirua errepideak mantentzeko bideratzen delako. Baliabideak murrizten ari diren unean mantenu lan horietarako dirua zergetatik atera beharra, esaterako gizarte ekintzako diru partida batzuk errepideetara bideratuz, gipuzkoarrentzat kolpe handia litzatekeela nabarmendu du.

Diputatu nagusiak Auzitegi Gorenean sententziari kasazio helegitea jarriko diotela iragarri du, foru arauari segurtasun juridikoa ematea nahi dutelako. Gogorarazi du bidesarien kontra jasotako lehenengo sententziaren ondoren egindako foru arauan Europako Batzordearen oniritzia jaso zutela, eta hark bermatu zuela ez zegoela zeharkako diskriminaziorik kanpoko garraiolariekiko.

Epaia irmoa izan bitartean bidesariak kobratzen jarraituko dutela iragarri du Olanok, nahiz eta onartu duen azkenean epaitegiek arrazoirik eman ezean, kobratutakoa itzuli behar izanez gero diru asko litzatekeela, urtean 8 edo 9 milioi.

COVID-19a egoitzetan

COVID-19ak Gipuzkoako adinekoen egoitzetan sortutako egoerari buruz argi esan du Markel Olanok izan diren 167 heriotzek ez dutela autokonplazientziarako aukerarik uzten, baina defendatu egin du egin den lana. Gaitzak hasieran sorpresa efektua eragin zuela esan du egoitzetan, baina lehen positiboak konfirmatu aurretik protokoloak aktibatu zireladu. Langileek babes neurri nahikorik ez dutela izan salatu dutela eta, gogorarazi ditu ELAk jarritako salaketei epaitegiek emandako sententzia, esanez ez dela egia beharginen oinarrizko eskubideak zapuztu zirenik. Beste toki guztietan bezala langileentzako babes ekipamenduak lortzea zaila izan dela esan du, eta ospitaleetako langileak lehenetsi zirenez egoitzetara iristea kosta egin zela. Muturreko egoera honek egoitzetako lantaldeetan trikotze efektua izan duela ere iruditzen zaio Olanori, langileen artean konfiantza estutu egin delako.

Adinekoen egoitzetako deseskalatzeari begira zuhurtzia izango dela irizpide nagusia  dio Olanok, eta egoitza bakoitza prest egon arte ez direla bisita horiek hasiko. Erresidentzietako lan gatazkari dagokionez, aldundiak hizketarako jarreran segitzen duela dio, eta gogorarazi du deseskalatze plana onartzeko sindikatuekin bilerak egin dituztel.

Baliabideak urritzen

Markel Olanok Gipuzkoako Foru Aldundiaren legealdiko egitasmoa oinarritik aldatu beharko dutela iragarri du, koronabirusaren ondoriozko krisi ekonomikoak eraginda. Aurten diru bilketa % 20 eta % 25 artean jaitsiko dela gogorarazi du, eta aldundiaren aurrekontuan 200 milioi euroko eragina izango duela horrek. Ezinbesteko jotzen du aurten eta datorren urtean zorpetzera joateko aukera izatea.

Ez du uste, ordea, EH Bilduk PSOErekin eta Unidas Podemosekin zorpetzeko aukera sinatu izanak hori bermatzen duenik, adierazpen politiko hutsa delako dokumentu hark biltzen duena, eta behar dena delako legezko ahalmena zor gehiago hartzeko. Berme hori lehenbailehen etortzea espero du Kontzertu ekonomikoaren bitariko batzordean  Espainiako Gobernuarekin hala adostuta.