Faktoria
Miren Gorrotxategi
"Urkulluk haserre plantak egiten segitzen du hauteskunde emaitza onak izan baititu"
Politika aurrerakoiak defendatuko ditu legealdi berrian Elkarrekin Podemosek, Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak adierazi duenez.
-
Miren Gorrotxategi
18:58 min
Gertatuko ez dela uste duen arren, hauteskunde emaitzek ezkerreko gobernua osatzeko aukera ematen dutela azpimarratu du Gorrotxategik Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan. Garrantzia eman dio orain arte mahai gainean ez zegoen aukera politikoa eztabaidan sartu izanari. Gaineratu du ezkerreko gobernu alternatibo batek "haize berria" ekarriko lukeela euskal gizartera eta onuragarria izango litzatekeela.
Iñigo Urkulluri leporatu dio Gorrotxategik bakarka jardutea, auzolanetik urrun, eta koronabirusaren krisia kudeatzerako argitasun falta salatu du. Elkarrekin Podemoseko bozeramaleak gaineratu du lehendakariarena "haserrearen jarrera" izaten ari dela eta planta horiek mantentzen ari dela, hauteskundeetan emaitza onak izan dituela ikusita. Dena den, EAJrekin akordioetara heltzeko atea irekita utzi du Gorrotxategik, baita aurrekontuak negoziatzeko ere. Erabakia edukien araberakoa izango dela nabarmendu du.
Hauteskundeetako emaitzen inguruan, Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak adierazi du koalizio morearen beherakadaren ardura ezin dela inoren gain jarri eta zehaztu du Pablo Iglesiasen lidergoa ez dagoela zalantzan. Podemoseko liderra Espainiako Gobernuan egiten ari den lanak eta Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeen emaitzek inolako loturarik ez dutela azpimarratu du.