Faktoria
Gorka Urtaran
"Aldundiei dagokie udalen finantza sistema zaintzea, ez estatuari"
EUDELeko presidenteak dio Udalek zorpetzeaz gain aparteko funtsak ere beharko dituztela. Osasunari lehentasuna ematen jarraitzeko beharra azpimarratu du eta harro agertu da gasteiztarren jarreraz
-
Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea
18:12 min
Pedro Sanchezen gobernuak Espainiako udalerrien elkartarekin sinatutako akordioaren xehetasunak jakin zain dago EUDEL baina Gorka Urtaran elkarteko presidenteak gogoratu du Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoak zein proposamen egin zain daudela. "Aldundiei dagokie udalen finantza sistema zaintzea, ez estatuari", esan du. Gogoratu du, nolanahi ere, udalek zorpetzera jo dezaten ahalbidetu beharko dela eta horrezaz gain aparteko funtsak ere beharko direla osasun larrialdiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko. Gasteizen, esate baterako, 53 milioi euro gutxiago izango dituztela jakinarazi du (lehen 60 milioiko kalkulua egina zuten) eta proiektu batzuk, zalantzarik gabe, atzeratuko diren arren (auditoriuma, eta estadioaren birgaitzea, besteak beste), zailtasunak izango dituztela kontuak orekatzeko.
Tokiko ekonomia suspertzeaz gain, osasuna babestea eta ongizatea bermatzea jarri ditu, oraindik, lehentasun gisa Gasteizko alkateak. Alde horretatik, hainbat ostalarik egin duten protestaren harira esan du "ulertzen" duela haien egoera latza: "Ez da gure asmoa inor kriminalizatzea edo tokiko ostalaritza estigmatizatzea. Baina ulertu egin behar dute beraien esparruetan sortzen dela arrisku gehien". Alkateak gaineratu duela inolaz ere nahi martxoko egoerara atzera egitea eta alde horretatik "Harro eta pozik" agertu da gasteiztarrek Andre Mari Zuriaren bezperan izan duten jarrerarekin. "Atzo eta gaurkoak egun jendetsuenak dira eta beldur nintzen", aitortu du, baina azpimarratu du "bikaina" izan dela erantzuna "denek ulertu dugulako kontzientzia maila hori erakutsi behar dugula".