Faktoria
Benzeno-pikoak Durangaldean
"Argibideak behar ditugu Durangon neurtutako benzeno-pikoen inguruan"
Airean benzeno-piko kezkagarriak antzeman berritan, Durangon izan da Euskadi Irratia, herritarren kezkak bildu, benzenoaz zientziatik aritu, eta agintariei azalpenak eskatzeko.
-
Benzenoa Durangaldean
20:22 min
Airearen kalitatearen gaia ez da berria Durangaldean, eta herritarrak sarritan azaldu dira kexu usain txarra eta atzetik egon zitekeen kutsadura medio. Azken asteetan benzenoak utzi du hizpidea: TECNALIAren txosten baten arabera, gomendatutakoa baino 140 bider benzeno maila altuagoa neurtu dute Durangon, eta Udalaren arabera, Iurretako industrialdean egon zitekeen kutsaduraren jatorria. Egoera aztertzeko, bilera egin dute Jaurlaritzako ingurumen sailak, Durangoko eta Iurretako alkateek, eta Durangaldeko mankomunitateko ordezkariek.
Gaiari heltzeko Durangora jo du Euskadi Irratiko "Faktoria"k. Herritarren kezkaren eta ziurgabetasunaren lekuko izan da Pilar Goya kazetaria, eta Javier Agirre Eusko Jaurlatritzako Ingurumen administraziorako zuzendariarekin hitz egin du. Benzenoaren jatorria bi galdategitan dagoela esan du Agirrek eta lasaitasunerako deia egin die herritarrei, arnasten duten airea "kalitate onekoa" dela ziurtatuz. Aritz Bravo Durangoko alkateordeak ere hitz egin du saioan eta "elkarlana" eskatu die erakundeei, eta "protokolo zehatz" bat, azken asteetako pikoak ekiditeko. Josu Lopez Gazpio kimikan doktore eta zientzia dibulgatzailearekin osatu dugu tartea.