Itxi

Faktoria

Lekukotasuna

Ibon Oregi: "Nire bizitza berreskuratu nahi dut, lehen neukanera hurbildu"

Lasterka ari zirela, entrenatzen, auto batek jo eta airean bota zituen Ibon Oregi eta Jokin Gijarro. Oregik ezker hanka erdia galdu du. Geroztik miresmena sortu du ezbeharrean erakutsi duen indarrak.

  • Ibon Oregi, makulu eta guzti Miamonen

    Ibon Oregi, makulu eta guzti Miamonen

    22:38 min
imagen player
imagen player
imagen player

Oreka berreskuratzeko ahaleginean ari da Ibon Oregi. Makuluekin ibiltzen ikasten, nolako protesia eskatuko duen pentsatzen... Surfa egitera ere itzuli da. Medikuek baimena eman ziotenetik dozenerdi aldiz sartu da itsasora ohola hartuta, lehengo moduan "...baina orain etzanda" esan du barrez-barrez. Itsasoko urak zauriak orbaintzeko eta terapia psikologiko moduan lagundu diola kontatu du "Faktoria"n.

Bizitza instant batean nola aldatu zaion kontatu du: Nola oroitzen duen istripuko unea, nola pentsatu zuen ez zela bizirik aterako, eta nola esan zion lagunari musu bana emateko bere emazte eta seme-alabei bere partez.

Esnaera ospitalean ere ez dauka ahazteko. "Ebakuntza egin zidan nesk etorri, besotik kolpe egin,eta esan zidan: 'Arratsalde on. Bizirik zaude eta hanka kendu dizugu'.

Egoera berrira egokitzeko erabakitasun erabatekoa du Zarautzen bizi den markinarrak. Gertatu zaiona onartzeko lanean ari da, eta istripua eragin zuen autoko gidariarekin ere bildu da. "Gauza natural bat izan da berekin hitz egitera joatea. Premia geneukan guk berekin hitz egiteko, bera lasaitzeko; eta berak geurekin egoteko. Neska horrek eman zidan besarkada oso sentitua izan zen niretzat. Berak karga handi bat kendu duela uste dut".

Ibon Oregi irakaslea da, heziketa fisikokoa, eta kirolari petoa ere bai. Orain egunero ari da errehabilitazioan, eskolara itzuli nahi luke eta Zarauzko triaoia ere berriz egin nahi luke. Bizigrina darie bere hitzei. Bizigrina, eta umorea: "Egunero eskuin hankaz esnatuko naiz aurrerantzean".