Faktoria
Miren Basaras
'Iristen diren txerto guztiak jarri behar dira. Ahalik eta arinen txertatu behar da'
Indiako aldaeraren mutazioetako bat antigorputzekiko ihes mekanismoa ote litekeen ikertzen ari diren arren, EHUko mikrobiologoak dio goizegi dela zein eragin izango duen jakiteko.
-
Miren Basaras
7:30 min
Mutazio bikoitza duen aldera da Indian zabaldu eta jada Europan atzematen hasi dena. Miren Basaras EHUko mikrobiologoak "Faktoria"n azaldu duenez, mutazio horietako bat Afrikako aldaeraren antzekoa dela uste da eta, beraz, posible dela txertoekiko "erresistentzia pixka bat" izatea. Bigarren mutazioaz, aldiz, zientzialariak ikertzen ari dira sortzen ditugun antigorputzekiko ihes egin ote dezakeen. Nolanahi ere, goizegi da ondorioak ateratzeko eta, bitartean, birusa eta kasuak "zorrotz jarraitzea" eta zuhurtzia neurriak hartzea baino ez dago.
Basarasek gogoratu du osasun sistemaren baldintzak direla birusa zabaltzeko aldagai nagusietako bat eta Indian, batez ere, horregaitik ari dela covid-19aren olatu hau hain indartsu jotzen. Gehitu du herrialde hartan gizartearen % 1 baino gutxiago dagoela txertatuta eta pandemiari aurre egiteko, txertaketa masiboa behar dela, "baina txertaketa masiboa, mundu osoan".
Mikrobiologoak berriz ere azpimarratu duenez "arin" egin behar da lan hori. "Iristen diren txerto guztiak jarri behar dira", esan du, "demostratuta dagoelako lehen dosiek eraginkortasun haundia dutela" eta modu horretan bakarrik lortuko delako birusa ez hainbeste mutatzea.
"Goizegi da goia jotzear gauden esateko"
Epidemiak gurean duen bilakaerari buruz galdetuta, Basarasek esan du "goizegi" dela olatuak goia jotzear duela esateko. Adierazi du ikusi beharko dela aste honetan meseta egoeran sartzen ote garen baina gogoratu du oraindik luze joko dutela ospitaleratzeek eta ZIUetako presioak.