Faktoria
PPren bozemailea
Laura Garrido: "Ez dut uste PP-Ciudadanos koalizioa ona izango denik udal eta foru hauteskundeetarako"
Pilar Goya | EITb Media
Formula hori Legebiltzarreko hauteskundeetarako osatu zela azpimarratu du Laura Garrido popularrak, "gauzak bere momentuan ikusi behar direlako". Itun ekonomikoa enpresen jarduera lagundu beharrean kalterako erabiltzen dela iritzita, zergen jaitsiera babesteko prest azaldu da.
-
Garrido:"Sanchezen aroa amaitu da, PSOEk eta Unidas-Podemosek osatutako gobernuak porrot egin du".
24:23 min
Laura Garrido Euskadiko PPren bozeramaileak ziurtzat eman du datozen udal eta foru hauteskundeei begira ez dutela PPren eta Ciudadanosen arteko koalizioa errepikatuko: "Koalizioak ondo funtzionatu du eta ez dugu arazorik baina alderdi ezberdinak gara eta PP-k duen indarra eta pisua, bai Euskadin eta bai Esapinian ez du zerikusirik Ciudadanosek duenarekin", nabarmendu du "Faktoria"n.
Pandemiaz ere hitz egin du Legebiltzarreko PPko bozeramaleak, musukoaren erabilera berriro ere kalean derrigortzearen alde: "Daukagun egoera zein den jakinda, argi dago musukoa kentzearen erabakia ez zela ona izan. Sanchezek indultuen gaia estaltzeko egin zuen iragarpen hori". Bide batez, testuinguru juridiko zehatza eskatu du, lege propio bat pandemien antzeko egoeretan erakunde bakoitzak bere erabaki esparrua zein den argi izateko. "Lidergo sendo bat behar da Madrilen eta Gasteizen eta ez dugu horrelakorik ikusi ez Sanchezen aldetik eta ezta Urkullluren aldetik ere. Pandemia honetan antizipazioa behar zen eta hemen berandu ibili gara, inprobisatzen", salatu du. Sagarduy sailburua ere kritikatu du eta osasungintzak bizi duen baliabide eskasia leporatu dio, batez ere, lehen arretan bizi dutena.
Politikaren esparruan sartuta, amaitutzat eman du Sanchezen aroa: "PSOEk eta Unidas-Podemosek, EAJren laguntza osatutako gobernuak porrot egin du eta Urkulluren helburua beharko luke Madrilen gobernu sendo bat izatea, hori ere hobea delako Euskadirentzat". Garridoren hitzetan, AHTarekin gertatutakoa da horren adibide, PPrekin epeak eta konpromisoak lotu zituztelako eta orain, adiz, sozialistekin, dena airean dagoelako.
Urkulluri leporatu dio akordioetarako bideratu dizkioten proposamenei ez erantzutea eta kezkatuta azaldu da udazkenetik aurrera estatus politiko berriaren eztabaida berriro Legebiltzarrean sustatzen denean, EAJ EH Bilduri begira jarriko ote den.
Itun ekonomikoaz, Pablo Casado PPko presidenteak atzo egindako kritiken ildo beretik jo du: "Madrilekin alderatzen baduzu, esate baterako, tramo batzutan hemen gehiago ordaintzen duzu. Enpresa bat ireki nahi duenarentzat errezagoa da Madrilera joatea Euskadin gelditzea baino". Tresna izanda euskal herritarren eta enpresen onerako erabili beharko litzatekeela gaineratu du eta zergak jaistearen alde azaldu da.