Faktoria
EAko sektoreak, aurrez aurre
Maiorga Ramirez: "Eusko Alkartasunak errebantxarik gabeko primarioak behar ditu"
Justiziak arrazoi eman berritan, Maiorga Ramirez EAko kritikoen ordezkariak primarioak eskatu ditu eta Eusko Alkartasunaren idazkari nagusi izateko hartu zuen konpromisoari eusten dio.
-
Maiorga Ramirez
9:39 min
Justiziaren aldeko epaia jaso zutenetik, EAren zuzendaritzarekin harremanik ez dutela izan aitortu du Maiorga Ramirezek, alderdiko kritikoen ordezkariak. Euskadi Irratiko 'Faktoria'n egin dioten elkarrizketan, ezinbestekotzat jo du eman-hartuari berrekitea, "elkarrizketa-mahaia eta barne demokrazia bermatzeko neurriak adosteko".
Eva Blanco idazkari nagusiaren deia espero du, horrenbestez, eta argi utzi du ez dela "errebantxarik" egongo, "elkarrizketa baizik". Bere burua idazkaritza nagusirako aurkeztuko ote duen galdetuta, Ramirezek afiliatuekin hartutako konpromisoari eutsi dio: "afiliatu zein agintariekin konprometitu nintzen, eta hori da eskatzen duguna, alkartetxeetan hautestontziak jartzea".
"EH Bilduk koalizioa izan behar du"
Ramirezek ez du hausturarik aurreikusten EAren barruan, baina premiazkotzat jo du eskubideak urratzen ez dituen bideari ekitea. Zuzendaritza bozkatzetik harago, alderdiak EH Bildu koalizioaren barruan duen tokiaz eskatu du gogoeta. Nabarmendu duenez, "alderdi denek bezala", Sortuk baduela gainontzekoak "fagozitatzeko" joera, eta EAren egungo zuzendaritzari alderdia ezker abertzalearen esku uztea leporatu dio. Baina argi esan du, "EAJri aurre egiteko", EH Bilduk funtsezko duela zorua zabaltzea, eta ondorioz, koalizioa behar duela, "zentro-ezkerretik ezkerrerako elkar-hartzea".