Itxi

Faktoria

Funtzio publikoa

Garamendi: "Bitarteko langile bat ez da zuzenean geratuko betetzen ari den lekuan; lehiatu egin beharko du"

JOne Larrañaga | EITB Media

Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak zehaztu du lehiaketa irekiak izango direla bitarteko langileak funtzionario bihurtzeko, nahiz eta, kasu askotan, merezimenduak erabakigarriak izango diren.

  • Olatz Garamendi sailburua

    Olatz Garamendi sailburua

    19:26 min
imagen player
imagen player
imagen player

Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak Euskadi Irratiko "Faktoria"n zehaztu du gaur hutsik dagoen lanpostu bat betetzen ari diren bitarteko langile edo interinoak derrigor lehiatu beharko direla funtzionario bihurtzeko. "Inportantea da jendea ez dadin nahastu",  esan du eta zera zehaztu: "Ez dezagun pentsatu, zuzenean, bitarteko bat bere lekuan geratuko denik. Lehiatu egin beharko du. Egia da merezimenduak oso inportanteak izango direla eta, kasu askotan, erabakigarriak. Baina lehiatu egin beharko du".

Atzo Espainiako Kongresuak onartu zuen lege proiektuak jasotzen duenez, bost urte edo gehiago postu bat betetzen ari direnek ez dute azterketarik egin beharko; aldiz, leku berean bost urtetik behera ari direnek, oposizio lehiaketa egin beharko dute. Bi kasuetan, lehiaketak irekiak izango direla gogoratu du Garamendik.

Sailburuak aurreratu duenez, gainera, langileak egonkortzeko prozedura hori funtzio publiko osora zabaltzea da asmoa, administrazio orokorrera ez ezik, tokiko administraziora eta enpresa publikoetara ere bai.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan transferentzien atzerapenaz ere mintzatu da Garamendi eta zuzenean Pedro Sanchezi leporatu dio "borondate falta".  Espainiako Gobernuarekin Jaurlaritzak adostutako egutegia "iraungita" dagoela gogorarazi du, eta adierazi "hitz onak beharrean", orain, "paperak" jarri behar direla mahai gainean. "Gauzak ez dira behar beste mugitzen ari"·