Itxi

Faktoria

Lehen sektoreaz hizketan

Xabier Iraola, ENBA: "Pirinioetara eskiatzera joateko dirua daukagu baina ez zazpi euro esnetan gastatzeko".

P.G.

Nekazariek eta ganaduzaleek bereziki sumatu dute azken hilabete hauetako prezioen gorakada. Lehenaz gain estu eta larri, egoera jasanezina bihurtu zaiela salatu dute. Euskal nekazaritza sindikatuak mobilizazioak antolatzen ari dira Gabonen aurretik kalera irteteko.

  • Kinka larrian jarri du lehen sektorea, azken hilabete hauetako prezioen gorakadak.

    Kinka larrian jarri du lehen sektorea, azken hilabete hauetako prezioen gorakadak.

    24:35 min
imagen player
imagen player
imagen player

Unzalu Salterain, Bizkaiko EHNEko ordezkaria eta Xabier Iraola, ENBAkoa batu ditugu goiz honetan  "Faktoriaren" mikrofonoetara lehen sektorearen argazkia ateratzeko. Saioan entzun dute Alfontso Olabarrieta, Arrankudiagako Poiu baserriko ganaduzalearen lekukotza. Berak kontatu digu nola garestitu zaizkion azken hilabete hauetan pentsuaren, argi indarraren edo gasoilaren prezioak, esnearena apenas igo den bitartean - 2 xentimo eskas irailetik hona, lehendik ere zor zitzaiena. Eta salatu du zama gero eta astunagoa dela: "Zaila da eustea, justu justu gabiltza  kostuak estaltzeko baina hemendik gutxira, galtzen hasiko gara". Banaketa sareen esku daudela ere gaineratu du,"eurek erabakitzen dute esnearen prezioa eta bere irabaziak baino ez dituzte begiten biana gure  bizitzarekin jolasean dabiltza,  hortxe dago koska. Serio jarri beharra dago, ostantzean ezingo dugu hemendik irten", adierazi du.

Hain justu banaketa kateei erreparatu diete ENBA eta EHNEko ordezkariek. Unzalu Salterainen hitzetan argi dago "distribuzio kateek dutela giltza egoerari aldaketa ematen hasteko", eta horrekin batera Elikagai katearen legea betearaztea ere ezinbesteko jo du lege berriak ekoizpen kostuetatik beherako prezioetan saltzea debekatuko duelako: "Salmenta hori ez zen etikoa eta orain ezta legala ere. Baina hori betearazteko mekanismoak karri behar dira orain martxan".

Ildo beretik, Xabier Iraolak iritzi dio legea urratsa dela bai baina orain, kontratuetan bermatu egin behar dela ez dagoela ekoizpen kostuetatik beherako salmentarik eta  hori betetzen ez bada, salatu eta jarraipena egin behar zaiola: "Nekazaritza ministerioak  orain arte erakutsi duen pasotismoa alde batera utzi eta jarrera pro-aktiboa izan behar du".

ENBAko ordezkariak salatu du  antolatuta daukagun elikadura sistema "low cost" dela eta hortik ateratzeko hausnarketa sakona egin behar dugula kontsumitzaileok eta gizarteak: "Asteburu honetan nire inguruko askok denbora eta dirua daukate Pirinioetara eskiatzera joateko edo  Londresera erosketa batzuk egitera, baina ez dauzkate 7 euro urtean esnetan gastatzeko". EHNEko Salterainek uste du dena den, ezin dela dena  jarri kontsumitzailearen teilatuan: "Hausnarketa sakonagoa egin behar da, baita hemengo gobernuen aldetik ere, eredu jakin bat bultzatu delako, kanpotik erostearen eredua eta merkatuak erregulatu egin behar dira, inportazio-esportazio dinamikak arautuz".

Zentzu honetan prezio bikoitzaren aldeko apustua egin du produktuaren jatorria azaltzeaz gain, azken prezioa nora eraikitzen azaltzeko: " ekoizpenak, eraldaketak eta banaketak, katebegi bakoitzak zenbat eramaten duen  adierazteko kontsumitzaileari". Mobilizazioei buruz  Hego Euskal Herriko sindikatu guztiak elkarren artean hizketan ari direla baieztatu dute eta Gabonak iritsi baino lehen kalera irteteko borondatea dutela berretsi.