Itxi

Faktoria

Elkarrekin-Podemos

Miren Gorrotxategi: "Ez nuke ulertuko ezkerreko alderdi batek lan erreformari ezkezkoa ematea"

P.G.| EITb Media

Koalizio morearen buruzagiak sutsuki defendatu du Espainiako Gobernuak, CEOE patronala eta UGT eta CCOO sindikatuekin adostutako lan erreforma, "langileen aldekoa delako". Legea, halare, ez dela "perfektua" esan du, eta hitzarmen autonomikoak hobestearen alde lan egiteko prest azaldu da.

  • Gorrotxategi prest dago hitzarmen autonomikoak indartzeko:"Horren alde egingo dugu guk ere lan".

    Gorrotxategi prest dago hitzarmen autonomikoak indartzeko:"Horren alde egingo dugu guk ere lan".

    22:56 min
imagen player
imagen player
imagen player

Miren Gorrotxategik Euskadi Irratiko "Faktoria"n adierazi duenez, Espainiako Ministroen Kontseiluak bihar onartuko duen lan erreforma azken 40 urte hauetako aldaketa sakonena da: "Aldaketa nagusia, lan merkatuaren oinarriak langileen interesen alde jarri dituela". Bere hitzetan, behin-behinekotasunarekin amaitzeko emandako urratsak du bereziki garrantzia, "hori zen aldatu behar zena eta hortik etorriko dira beste aldaketa batzuk".

Halere, onartu du legea ez dela perfektua, eta gauza asko aldatu behar direla. Horregatik, prest azaldu da hitzarmen autonomikoak indartzeko, Estatuko hitzarmenak baino hobeak badira: "Horren alde egingo dugu guk ere lan, bestela ez litzateke ulergarria izango". EH Bilduri begira, Gorrotxategik esan du ez lukeela ulertuko ezkerreko alderdi batek langileen eskubideak areagotzen dituen lan erreforma bati ezezkoa ematea.

Elkarrekin-Podemoseko bozeramaileak kritikatu egin du koalizio abertzalea Jaurlaritzaren aurrekontuak babesteagatik, baina argitu du horrek ez dituela ezkerreko aliantzaren aukerak hoztu: "Gauza bat da gauza zehatzetan ados ez jartzea, baina horrek ez du esan nahi ezkerreko gobernu batetik gobernatzea merezi ez duenik".

Pandemiari dagokionez, Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatu du, behar diren baliabideak ez direlako jartzen ari, eta, bereziki, lehen arretan bizi den egoera salatu du: "Euren bizkar jarri da kontentzio lana, testak egitea, txertoak jartzea....agerikoa da gehiegizko lan karga dutela".

Azkenik, Kontseiluak, sindikatuek eta hezkuntza eragileek euskarazko eredu bakarraren alde egindako proposamenaz galdetuta, Miren Gorrotxategik adierazi du ez duela uste aurrera egingo duenik, eta gaineratu du ez duela Hezkuntza lege berriaren eztabaida mahaian dagoenik. Haur euskaldunak banatu ez ditzaten abian den "Arnas dezagun"  ekimenaz bestalde,  "negargarria eta klasista" dela iritzi dio.