Faktoria
Gipuzkoako PSEren burua
Jose Ignacio Asensio: "David Pla SORTUren zuzendaritzarako proposatzea ez da albiste ona"
P.G.
Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusiaren hitzetan, Pla SORTUren exekutiban sartzean bidaltzen den mezua ez da ona eta oztopo izan daiteke". Legebiltzarrak onartu berri duen ingurumen legea bestalde, sutsu defendatu du: "Aurrerakoia da, bermeak ditu eta udalak ez dira aparte geldituko".
-
Gipuzkoako PSEren idazkari nagusiak tinko defendatu du lan erreforma.
22:40 min
Gipuzkoako PSEren idazkari nagusiak politika aliantza berrietarako atea zabalik utzi du baina garbi adieraziz zein den sozialisten marra gorria: "Biolentzia alde batera uztea eta terorrismoa erabat deuseztatzea". Oraintxe bertan dituzten akordio gehienak EAJ-rekin lotutakoa direla eta osasuntsu daudela azpimarratu du Asensiok "argi eta garbi", ukatu gabe beste akordio puntualak "egiten direla eta egingo direla". Ohartarazi du dena den, edozein akordio egiten delarik "zertarako" egiten den zehaztu behar dela lehen lehenik.
Akordioei dagokienez, EH Bildurekin bidea jorratzeko aukeraz galdetuta, David Pla SORTUren exekutibarako proposatzea oztopo izan daitekeela adierazi du: "Pla, Troitiño, Antza eta Paroten kasuak ikusi ditugu, ez dira pauso onak...Ezker Abertzalearen azken mugimenduak ez ditut ulertzen eta zailtasunak jartzen dituzte. Aurrera pausoak eman dituzte baina atzera pausoak ere bai eta oreka horiek ez dakit ulergarriak ote diren politikan. Ez dakit argi daukaten bere norabidea". Bereziki kritiko azaldu da Arrasaten urte zaharretan SAREk deitutako manifestazioarekin: "Parotek 33 hildako dauzka, Troitiñok 22 eta gatazkaren biktimak direla esatea ez da ulergarria. Biktimak errespetatu egin behar dira. Manifestazio eskubidea badute baina politikoki ez da zilegia".
Gipuzkoako ingurumen foru diputatua ere badenak, tinko defendatu du Legebiltzarrak onartu berri duen ingurumen legea:"Ingurumen gaietan ausartak izan behar dugu eta ez horrenbeste denbora galdu alperrikako eztabaidetan". Ukatu egin du Jaurlaritzak udalei proiketuak "inposatuko" dizkienik: "udalak ez dira aparte geldituko baina badira herri proiektuak eta horiek bideratu behar dira, norberaren eskumenak errespetatuz". Legea, aurerakoia eta orekatua dela eta bermeak dituela defendatu du eta gogora ekarri du aurreko legealditik datorrela, Iñaki Arriola sozialista ingurumen sailburua zen garaitatik.
Lan erreformari dagokionez, Espainiako gobernuak, enpresarioek eta sindikatuek lortu duten akordioa "oso oso ona" dela adierazi du: "Sortuko den egoera berriak eta orain artekoak ez dute zerikurisik izango, negoziazio koletiboa berreskuratzen da, kontratu finkoa hobesten da eta sektoreko komenioak enpresakoen gainetik jarriko dira". Pedro Sanchezen kudekaeta defendatu du eta ziurtzat jo du legealdia osorik amaituko duela.
Pandemiaren kudeaketaz azkenik, ez du polemiketan sartu nahi izan, Estatuko gobernuari ala Jaurlaritzari ote dagokien seigarren olatuari aurre egiteko neurriak hartzeari buruz edotabernadu hartu ote direni buruz: " Ez dut uste publikoki eztabaidatzea komenigarria denik eta hobe aurrera egitea denen artean, ez dezaiogun besteari bota norberaren ardura".