Itxi

Faktoria

PAUL BILBAO - KONTSEILUA

"Euskararen gaitasuna bermatuko duen eredu bakarrak bake linguistikoa hautsiko duela esatea perbertsoa da"

Eider Aranberri | EITb Media

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren arabera, milaka haurri debekatzen zaio berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea, eta injustizia hori konpondu nahi du euskal hezkuntza komunitateak berriki egin duen proposamen "historikoak".

  • Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia ekitaldi batean

    Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia

    24:21 min
imagen player
imagen player
imagen player

"Aukera ikaragarri handia zabaldu da Euskal Autonomia Erkidegoan, belaunaldi berriek euskaldun eleaniztun izateko baldintzak izan ditzaten, bai gaitasunean eta baita erabileran ere". Hala iritzi dio Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak. Bilbaok argi utzi du Euskadi Irratiko "Faktoria"n berriki hezkuntza komunitateak lortu duen hizkuntzaren inguruko adostasun "historikoa" baliatu behar dutela Legebiltzarreko alderdi poitikoek Hezkuntza Lege berria tramitatzerako orduan. "Hizkuntzaren mataza askatu behar du lege horrek, eta gure helburua hori askatzen laguntzea izan da".

Abenduan amaitu ziren hezkuntza lege berriari buruz Legebiltzarrean izan ziren adituen ponentziak, eta, Bilbaoren hitzetan, lehen inpresioak "positiboak" izan dira. Halere, oso kritiko azaldu da Alberto Lopez Basaguren zuzenbide konstituzionaleko katedradunak bake linguistikoaren inguruan esandakoekin: "euskararen gaitasuna bermatuko duen eredu bakarrak bake linguistikoa hautsiko duela esatea perbertsoa da", Bilbaoren hitzetan.

2022. urtean, euskararen normalizazio prozesurako aukera zabala egon daiteke "behingoz". Euskal hiztunak behar dira, eta tresna eta baliabideak behar dira. Bide horretan, ordea, plataforma digitaletan euskarak inolako espaziorik ez izateak "eragin zuzena" dauka gaztetxoen kontsumo ohituretan. "Teknologia berriak dira plaza berriak, eta, horietan, ez dago euskarazko espazio edo tresnarik". Beraz, aurki tramitean izango den Ikusentzunezkoen Legeak "etorkizuna asko baldintzatuko du", eta horregatik, hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna "bermatu" behar du. Bilbaoren arabera, "berdintasuna ari gara eskatzen, eta hori ez da kapritxoa. Gizarte eragileok estrategia prestatuko dugu eta zuzenketak eskatuko ditugu".

Epaileen aurka ere gogor hitz egin du Bilbaok. Dio "gure hizkuntza eskubideak murrizteko oldarraldi judizial handia dagoela botere judizialaren partetik. Epaiak erabiltzen dituzte hizkuntza murrizketak egin eta hizkuntza politika egiten hasteko". Eta Frantzian gertatutakoa jarri du horren gertuko adibide. Asanbladak Molac Legea onartu arren, Konstituzio Kontseiluak bertan behera utzi zituen zenbait atal. Orain, halere, arnasa hartu dute Seaskako Ikastolek eta eskola publikoek duela zenbait aste Frantziako Hezkuntza Ministerioak kaleratutako zirkularrarekin. Hauteskunde orokorren atarian, eta milaka euskalzalek adierazitako haserrearen ondotik, murgiltze eredua baimendu da, frantsesaren maila bereko ezagutza bermatzen bada gainerako hizkuntzetan: "ez da guk nahi genuena, baina ikasturte honetan murgiltze eredua posible izango da, eta hori oxigeno baloia izango da".

Paul Bilbaok euskara erdigunean jartzeko eskatu die agintari politikoei: "Euskararen atzean, euskaraz bizitzeko eskubidea duten herritarrak eta komunitate bat dago, eta horri erreparatu egin behar diote". Eta, zentzu horretan, Nafarroako Gobernuko lehendakaria ohartarazi du: "onartezina da bere burua aurrerakoitzat daukan gobernu batek orain dela 20 urteko gobernu atzerakoi baten neurri berdinak aplikatzea. Nafarroako erdaldunen presidentea izateaz gain, euskaldunena ere bada eta, hortaz, euren eskubideak ere bermatu behar ditu".