Faktoria magazina
ERRUSIA-UKRAINA GATAZKA
Adrian Fuentes: "Ez dago gerrarako arrazoirik, ez dauka zentzurik geopolitikoki"
MIkel Yarza | EITb Media
Gerra hotsak geroz eta ozenagoak dira Errusiaren eta Ukrainaren arteko mugetan. Bi herrialdeen arteko gatazka aztergai 'Faktoria'n Adrian Fuentes geopolitikan aditua, Ibai Trebiño 2014an Krimean eta Donbasen izandako kazetaria eta Errusian zein Ukrainan senideak dituzten euskal herritarren eskutik.
-
Gerra hotsak, Errusia eta Ukrainaren arteko mugan.
17:19 min
"Ukrainan 2014an ezegonkortasuna zegoen gepolitikoki, orain gauzak ezberdinak dira", testuingurua bereizi nahi izan du nazioarteko politikan aditu eta Europako Parlamentuan European Free Alliance alderdiko kide den Adrian Fuentesek. Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkari buruz ari da. "Krimea lortzea garrantzitsua zen errusiarrentzat, behar zituzten bertako base militarrak eta portuak, Donbass berriz industrializaturiko gunea da, interes ekonomikoa zuen". Baina hortik harago, "ez dago gerrarako arrazoirik, ez dauka zentzurik geopolitikoki".
Iritziak iritzi, nazioarteko jokaleku politikoan tentsioa areagotzen ari da eta giro horretan elkartuko dira aurrez aurre gaur Suitzan, Genevan, Ameriketako Estatu Batuetako eta Errusiako Atzerri ministroak. Ahaleginetan ari dira gatazka ez dadin guztiz lehertu baina, azken orduetan, gihar militarra puztu dute. Errusiak garraiorako zein erasorako ibilgailuak ezarri ditu Bielorrusian, Ukrainako mugatik 250 kilometrora. Lur eremuan 120 milatik gora soldadu, 140 gerra ontzi eta 60 hegazkin Itsaso Beltzera eta gaur bertan, maniobra miilitarrak Pertsiako Golkoan, Iran eta Txinarekin batera. Bien bitartean, Ameriketako Estatu Batuek eta Europak armak eta soldaduak bidali dituzte Baltikora eta Ukrainara. Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak zehaztu du, ehiza hegazkinak bidaltzeko prest daude Bulgariako baseetara eta fragata bat Itsaso Beltzera.
Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioak Errusiako eta Ukrainako biztanleen sentipenak bildu ditu. Ukrainako hiriburuan, Kieven bizi da Aitor Ruiz de Angulo gipuzkoarraren emaztea, "kezkatuta eta beldurtuta" itzuli berri da Euskal Herrira "ez dakitelako" zer gertatuko den. Familiak ez du esperoan egon nahi eta prestatzen ari da, Ukrainan egoera larrituz gero, "Poloniako mugara hurbildu eta senideak Gipuzkoara autoz ekartzeko".
Errusiarra da Svetlana Baeva, Moskun jaio zen eta badira lau urte Basaurin bizi dela. Lagun ukrainar asko dauzka eta "pena handia sentitzen du" egungo egoera dela eta, gainera, errusiar albisteen argitasun falta salatu du "ez dugu egiazko informazioa irakurtzen". Baevak ulertzen du Vladimir Putinen, Errusiako presidentearen, herrialdea defendatzeko nahia, baina, dioenez, "Ukraina eta Errusia anaiak bezalakoak" dira eta segurtasuna, batasuna… bi aldeetan egonez gero izango da benetakoak.
Azkenik, Ibai Trebiño kazetariak gatazka honetako informazioaren trataera azaldu du. Haren iritziz, guda guztietan bezala, "ez dago informazio fidagarririk, propaganda baizik" bi aldeetatik. Trebiñoren iritziz, Mendebaldeko eragile mediatiko eta ekonomiko nagusiek "izutze ariketa bat" egin dute, izan ere, euren asmoa da Errusia eta Europaren arteko "akordio naturalak ekiditea".