Itxi

Faktoria

Errioja izendapenetik kanpo

Aurtengo uztatik ekoitziko den ardoa Arabako Mahastiak jatorri izendapen berriarekin merkaturatu liteke

OIhane Yustos | EITb Media

Bruselara iristear da ABRAk, Arabako Errioxako Upategien Elkarteak, jatorri izendapen berria sortzeko hasi duen bidea. Itxaso Compañón presidenteak ez du eragozpen handirik espero: "Txosten polita osatu dugu, Bruselak eskatzen dituen baldintzak betez".

  • Arabako mahastiak izendapena

    Guardiako mahasti batzuk. Argazkia: Igor Arizmendiarrieta

    25:11 min
imagen player
imagen player
imagen player

2016an hasi zen Arabako Mahastiak sortzeko prozedura;  ABRAk, Arabako Errioxako Upategien elkarteak gidatuta. Proiektua sustatu duten upategien hitzetan, askotan Errioja izendapena, mesede baino, zama delako. Itxaso Compañon ABRAko presidenteak azaldu du "Faktoria"n, "gauzak ezberdin egiten ditugu, ezin dugunean kontatu zer egiten dugun etiketan araudiak ez digulako uzten edo upategien kopuruagatik, adibidez, orduan, hobeto ordezkatzen gaituen ekimen batean bagaude, bada, hobeto".

Errioxa jatorri izendapenean, ordea, ez daude bide horrekin ados. Iñigo Tapiador Errioxako kontseiluko komunikazio buruaren hitzetan, "ia 100 urtetan Errioxa marka sortu izanaren lana" arriskuan ikusten dute, eta, gaineratu du upategi gehienak "ez daudela prest izen on hori nahastu, puskatu eta kontsumitzaileengan nahasmena sortzeko".

Une honetan, ekimena Madrilen dago, Nekazaritza ministerioan. Postari lana egin behar du Moncloak, proposamena Europako batzordera irits dadin. Eta, epeak beteta, otsailean egin beharko luke hori. Bruselak jatorri izendapena onartzeko ez du oztoporik espero ABRA elkarteak. "Kataluniatik unibertsitate batekin lagundu digute txostena betetzen, oso landua dago, eta uste dut ez dugula arazorik izango" esan du Compañonek. Bestela ikusten du gaia Errioxa izendapeneko komunikazio buruak; haren iritziz, ez dago bereizketa justifikatzen duen ezaugarririk: "Arabako Errioxaren mugaketa da; ekoizpen berdina da, eta mahatsak berdina. Ez dago teknikoki bereizketa egitea'.

Sormarka berria babesten duten upategiak zenbat diren ez dago jakiterik. Galdetuta ere, ez dute gehienek erantzun nahi. Errioxa izendapenetik diote gutxi direla. Arabako Errioxako upategiek aldiz, askok interesa dutela diote, galderak egin dituztela. Itxaso Compañonek argi du bere upategiak Errioxa izendapena utziko duela, sormarka berria onartzen denean. Eta aurten bertan gerta liteke hori. "Bruselara iristen denean erdibideko marka izango dugu eta horren pean merkaturatuko genuke", azpimarratu du. Irailean edo urrian mahatsa jasota etor liteke aldaketa, "aurtengo uztatik ateratzen den ardoa marka berriarekin merkaturatu liteke", ABRA elkarteko presidentearen ustez.