Itxi

Faktoria

Zaldibar, 2 urte

Angel: "10 minutu lehenago Albertorekin egon nintzen, eta gehiago ez duzula ikusiko pentsatzea latza da"

EITB MEDIA

Zaldibarko zabortegia goitik behera etorri zenean goiko aldean zegoen Angel kamioilaria. Lehen aldiz hitz egin du, Euskadi irratian.

  • Zaldibar zabortegiaren irudi bat. Argazkia: EFE

    Zaldibarko zabortegiaren irudi bat. Argazkia: EFE

    19:45 min
imagen player
imagen player
imagen player

Zaldibarko zabortegia goitik behera etorri eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran azpian harrapatu zituenetik bi urte beteko diren honetan, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioak egun hartan zabortegiaren goiko aldean zegoen Angel kamioilaria elkarrizketatu du. Lehen aldiz hitz egin du hedabide batean.

2020ko otsailaren 6 hartan gertaturikoa latza izan zela nabarmendu du: "10 minutu lehenago Albertorekin hitz egiten egon nintzen, eta bat-batean pertsona hori gehiago ez duzula ikusiko pentsatzea latza da".

Ondorengo minutuak ondo gogoan ditu Angelek: "Izugarria. Dorre bikiak eta erori zirenean, iluntasun hori, hautsa, dena nahastuta". Azaldu duenez, "gero segituan hasi ziren telefonotik beheko langileekin hizketan", eta lehen unetik esan zieten "jendea falta zela, jendea falta zela".

Angelen esanetan, ondoan ari zen lankide batek esan zion zabortegia behera etorri zela, bera ez baitzen ohartu. Inguruan zeudenak elkartu eta kamioiak eta makinak toki seguru batean jarri zituzten beren burua salbu jarri aurretik. "Guk momentu horretan gure makinak seguru jarri genituen, uste genuen momentu horretan egiteko moduko lan bat zela", gehitu du.

Gerora, ertzainak bertaratu ziren beraiek zeuden tokira, eta, onik zeudela ikusita, bertan gelditzeko eskatu omen zieten.

Angel eta berarekin zeudenak zabortegiaren goiko aldean zeudenez, goitik barrena Elgetako baserri batera joan ziren. Gero, beraien bila joan eta autoz jaitsi ziren baserri bide batetik barrena.

Duela bi urte gertaturikoak nola eragin dion galdetuta, bizitza beste modu batean ikusten duela onartu du: "Etxekoak ikusten dituzu eta beste modu batean ikusten dituzu eta aprobetxatzeko nahi hori etortzen zaizu". Bizitza une batean nola alda daitekeen konturatu omen zen: "Denok dakigu hil behar garela, baina une hartan ohartu nintzen zer erraztasunarekin munditik desagertu zaitezkeen eta horrek berak sentsazio izugarria eragin zidan".