Itxi

Faktoria

LGTBI

"Zahartzarora iristean egoiliarrak berriz sartzen dira armairura, ondo artatuak izateko"

E.A. | EITB MEDIA

Ekainaren 28an LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Itxaro Borda idazlea eta Kepa Iekora EHGAMeko kidea kolektiboaren erralitateaz aritu dira, bereziki zahartzaroak bertan duen eraginari heldu diote. Adin horretara helduta, "atzera pausoa" eman beharraren arriskua aipatu dute.

  • Itxaro Borda eta Kepa Iekora

    Itxaro Borda eta Kepa Iekora

    25:29 min
imagen player
imagen player
imagen player

Erretiroa hartzeko adinean, edo gertu, dira dagoeneko LGTBI kolektiboaren eskubideen alde borrokan hasi ziren lehen aktibista horiek, bada belaunaldi horri jarri diete ahotsa Kepa Iekorak eta Itxaro Bordak. Bordak 2007an eman zuen "aurrera pausoa", "literaturak, fikzioak" eman zion horretarako aukera, Jalgi hadi plazara liburuan hitz egin zuen "argi" lehen aldiz. Orain "gogo onez" ikusi du Olatz Salvador abeslariak publikoki "bollera" dela esan izana, garrantzitsua da idazlearentzat eredu horiek halako adierazpenak egitea, "atzetik datozenei bidea irekitzen dietelako". Kepa Iekora Iruñeko LGTBI mugimenduko kidea da, 80. hamarkadatik darama alor horretan lanean, sexu genero disidentzia eta zahartzaroa aztertzen dituen ikerlana egin du, "ikertzeko asko" dago alor horretan Iekoraren ustez, baina "ahalduntze kolektiboak" urteetan emandako esperientzia azpimarratu du.

Hain zuzen ere, zahartzaroaz, "edadismoaren arriskua" aipatu du Iekorak: "Uste da jende helduak ez duela ekarpenik mugimenduari egiteko, belaunaldi berriek erabaki behar dutela egin beharreko bidea". Era berean, hirugarren adinekoen eskarmentuari eta beharrei erantzun beharraz, zaintzaz, gogoeta egin du: "Zaharren Egoitzak ez daude kolektiboko jendearentzat eginda; ez da kasualitatea armairutik ateratako egoiliarrik ez egotea". Horrek arrazoi bat dauka atzean Iekorarentzat, hain zuzen ere, jendea, adin horretara iristean, "berriz sartzen da armairuan, ondo artatua izateko": "Egoiliarrek ez dute gurekin logelarik elkarbanatu nahi". 

Zentzu horretan, Bordak adierazi du "kolektiboan antolatutakoek" babes gehiago daukatela, baina asko direla "bizitza sekretua" eraman behar izan dutenak, edo "euren sexualitatea bizitzeko" hirietara alde egin behar izan dutenak. "Sexilioa", hala deitu dio Iekorak, besteak beste, transexualek frankismo garaian jasandako "errepresioa" salatu du: "Ihes egin beharrak gizarte segurantzan kotizaziorik gabe utzi ditu orain erretiroa hartu beharrean daudenak".

Ikusgarritasuna aipatu dute biek ere oinarrizko irtenbidetzat, eta adibidea jarri du EHGAMeko kideak: "Jakin badakigu Ezkaban ihesaldia egon zela, baina inork gutxi daki ihesaldi horretan homosexualak ziren bi gizon zeudela". Bide horretan, "berdintasun lege mailan, bai" baina horrek ez duela "benetako berdintasuna ekarriko" uste du iruñearrak, parekidetasun horretarako "LGTBI koleikiboko kide direnen eta ez direnen arteko elkarlana" beharko dela.