Faktoria
EAJ
Aitor Esteban: "NATOren kide izateak berarekin dakar defentsa gastua handitzea; kontua da ondo gastatzea"
P.G. | EITB Media
EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak ateak zabalik utzi dizkio Pedro Sanchezek iragarritako defentsa gastua handitzea babesteari, baina gastua zentzuz egin behar dela esan du. Bestalde, Estatutua betetzea ez dela Sanchezen lehentasuna dio, transferentzien egutegia geldirik baitago.
-
Aitor Esteban
24:49 min
Aitor Esteban EAJko diputatuak ateak zabalik utzi dizkio gastu militarra handitzeko Espainiako Gobernuak egin duen iragarpena babesteari, baina gastu horrek zentzuduna izan behar duela ohartarazi du "Faktoria"n: "Gastua handitu behar bada, ondo gastatu behar da. Gauza ez da Estatu bakoitzak denean gastatzea. NATO ondo koordinatuta badago, bakoitzak zertan gastatu behar den zehaztu beharko da". Defentsa gastua zenbat, eta zenbat urtetan igoko den ez ikusteko dagoela erantsi du, eta datorren urterako aurrekontuetan ikusko dela Espainiako gobernuak zer eta nola planteatzen duen.
Espainiako Gobernu barruko dezadostasunei buruz, bestalde, Podemosek iragarri duen aurkako boza zertan gauzatzen den ere ikusteko dagoela gehitu du, eta ukatu egin du Europaren eta Estatu Batuen interesetara makurtu denik: "Urkainako guda amaitzean ikusiko dugu Estatu Batuak Txina itsasoaldera egiten duela eta Europaren esku gelditu da orduan, Europaren defentsa".
Transferentzien inguruan argi du Estebanek Estatutua betetzeko Espainiako Gobernuak berak ezarritako egutegia ez dela betetzen ari eta geldituta dagoela: "Isabel Rodriguez ministroa ez dago horretan eta Estatutoa betetzea ez da Sanchezen lehentasuna. Ez dago diligentziarik gauzak mugitzeko". Aditzera eman du beste arlo batzuetan aurrera pausoak espero ditzutela, "burdinbideetan" gauzak mugitzen ari direla aipatu du.
Espainiako gobernuaren egoeraz, berriz, adierazi du ez duela berak "ziklo aldaketarik" ikusten, eta berretsi du EAJren apustua, "legealdia amaitu dadin" lortzea dela, beti ere, hilabete honetan egitekoa den Estatuaren egoerari buruzko eztaibadan Sanchezek zer esaten duen zain . Nuñez Feijóo, PPko presidenteari buruz, azkenik, ez dela VOXengandik aldendu, eta EAJrekin harremanak onak direla esaten duenean "berba hutsak direla" azpimarratu du.