Itxi

Faktoria

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Laura Garrido: "Sanchezek bere burua zuritu nahi du Miguel Angel Blancoren omenezko ekitaldian"

Mikel Dominguez | EITB Media

PPko legebiltzarkideak Espainiako Gobernuko presidenteari leporatu dio "boterean mantentzeko" EH Bilduren aurrean "amore ematea", eta PSOEri eta EAJri "terrorismoa gaitzetsi ez dutenekin exijentzia mantentzeko" eskatu die.

  • Laura Garrido

    Laura Garrido, Euskadi Irratian elkarrizketatuta. Argazkia: EITB Media

    25:07 min
imagen player
imagen player
imagen player

Laura Garridok (PP) ETAk 1997an Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zuen egunak gogoratu ditu Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan, eta, igandean Ermuko zinegotziaren omenez egingo duten ekitaldiaren harira, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea kritikatu du EH Bildurekin akordioak egiteagatik.

Popularraren ustez, Sanchezek EH Bildurekin akordioak lortzen ditu "boterean mantentzeko": "Amore eman du berriro EH Bilduk nahi zituen gauzekin". Koalizioaren asmoa, gainera, "Sanchezek duen ahultasuna baliatzea da euren interes alderdikoiak aurrera ateratzeko". Zentzu horretan, PSOEri eta EAJri eskatu die "exijentzia mantentzeko oraindik terrorismoa gaitzetsi ez dutenekin". "Ezin dugu orria pasatu, hemen ezer gertatu ez balitz bezala", gehitu du.

ETAk Blanco bahitu eta hil zuenean, PPko gazte antolakundean zegoen Garrido. Miguel Angel "gu bezalako gazte bat zen. PPren ideiak defendatzen zituen Udalean, bizilagunen bizitza hobetu nahi zuen, hori zen bere helburua zinegotzi bezala", ekarri du gogoan legebiltzarkideak. Beste hilketek bezala, Blancorenak "askatasunaren aldeko konpromisoa berritzera" eraman zuen Garrido. "Argi genuen ideia batzuk defendatu behar genituela, bestela inork ez zuelako egingo", esan du.

Mari Mar Blanco arrebak igandeko ekitaldian hitz egitera ez gonbidatzea, hasieran planifikatuta zegoen moduan, "ulertezina eta onartezina" da Garridorentzat. "Berak ulertzen zuen parte hartu behar zuela, bere nebari buruzko oroimen ekitaldia delako. Azkenean, Mari Mar Blancok parte hartuko du", azaldu du.

Legebiltzarkide popularrak azpimarratu du bere alderdiak "biktima guztiak gogoratzen" dituela, "ez bakarrik PPkoak, baizik eta ETAk hil dituen pertsona guztiak". Coviteren (Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Elkartea) kritiken aurrean —biktimak erabiltzea leporatzen dio PPri—, "koherentziarekin" jokatu dutela defendatu du, eta, adierazi duenez, "jarraituko dugu jarrera berdina defendatzen".