Itxi

Faktoria

Elkarrizketa pertsonala

Basaras: "Pandemiak zientzialariok zer egiten dugun ezagutarazteko balio izan du"

Garazi Urdanpilleta | EITB Media

Lasaiago bizi da egun Miren Basaras, covid-19aren datuek hobera egin eta neurri guztiak arindu ostean. Hedabideetan ia ez da ageri pandemia hitza, eta "psikologikoki behar genuen" hori, mikrobiologoaren hitzetan. Edonola ere, adi egon behar dugula azpimarratu du.

  • Miren Basaras

    Miren Basaras

    19:04 min
imagen player
imagen player
imagen player

Mikroorganismoak, izaki txiki ia ikusezin horiek, beti interesatu izan zaizkio Miren Basarasi (Derio, 1968); batik bat birusak eta horiek sortzen dituzten gaixotasunak. Horregatik bideratu zuen doktoretza tesia hepatitis kronikoaren detekziora, eta horregatik ematen ditu eskolak EHUko Bizkaiko Medikuntza eta Erizaintza fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia sailean. 2020ko urtarrilean dibulgazio artikulu bat idatzi zuen euskaraz covid-19ari buruz, eta, geroztik, pandemia garairik gogorrenean batik bat, egunero sartu izan da gure etxeetan mikrobiologo bizkaitarra, koronabirusaz ezer ere ez genekien garai hartan, azalpen zientifikoak eman eta sor zitezkeen zalantzak argitzeko.

Hilabete luze haiek presio handikoak izan zirela aitortu du Basarasek. "Eromena izan zen", dio. Ezetz esaten ez dakiela aitortu du, eta, gainera, garrantzitsutzat jotzen du dibulgazio lana, zientzia gizarteari helaraztea. Alabaina, egunero komunikabideetan azalpenak ematea ardura handikoa izan zen. "Oso informatuta egon behar genuen, zientziaren arloan ateratzen ziren artikulu guztiak irakurri behar genituen, azaldu du.

Edonola ere, argi du pandemia lagungarria izan dela gizarteak zientziarekiko duen ikuspegia hobetzeko: "Gizarteak ezagutu egin du zientzialarien lana, eta beharrezko lana dela gizartearentzat. Zientzialariok zer egiten dugun ezagutarazteko balio izan du". Orain, ordea, gizarteak lasaitasun puntu bat hartu du, eta psikologikoko hori behar genuela adierazi du Basarasek. Hori bai, datu guztiek hobera eginagatik ere, birusak hor jarraitzen duela gogorarazi nahi du, eta udazken-negu aldera, leku itxietan denbora gehiago ematen dugun garaian, birusak zein joera izango duen ikusi beharra dagoela. "Adi egon behar dugu", azpimarratu du.