Itxi

Faktoria

HAZIAK

Hazi aniztasuna galtzearen arriskuez Faktorian

Eider Aranberri | EITb Media

Bertako barazkien eta fruituen barietate asko desagertu dira merkatutik, eta, horrek, zuzeneko eragina du gure elikaduraren kulturan eta biodibertsitatean. Horren aurrean, bertako barietateak salbatzeko ekimenak ugaritu dira azkenaldian.

  • Hazi aniztasuna galtzearen arriskuez Euskadi Irratiko Faktorian

    Haziak

    22:54 min
imagen player
imagen player
imagen player

Hazi aniztasuna galtzen ari da. Botere ikaragarria duten enpresa gutxi batzuek kontrolatzen dute munduko merkatua, eta, euren beharretara egokituta, tokian tokiko barietateak ekoizteari utzi diete ekoizle askok. Adituen esanetan, egoera "larria" da: "azken hamarkadan modernizazioaren tren horretatik erori dira ia bertako haziak eta bidean galdu dira" Marc Badal Kristina Eneako Haziera artxiboko arduradunak. Miguel Arribas Aleka Euskal Herriko hazi ekologikoen elkarteko kideak eman du datua: "antzinako hazien % 80 desagertu da". 

Bada, ondare hori mantentzea "garrantzitsua" dela nabarmendu du Leire Ibarretxe ingeniari agronomoa eta Biolur nekazaritza ekologikoaren elkarteko teknikariak Euskadi Irratiko "Faktoria"n, baina badaki gure errealitateak eta egunerokotasunak beste ohitura batzuetara garamatzatela. "Hazi ekoizle handiek prezio merkeetan produktibitate handiak eskaintzen dizkien produktuak lehenesten dituzte, biltzeko eskulanik behar ez dutenak eta zenbait gaixotasunen aurkako ahalmena dutenak. Hazien negozioa borobila da".

Monopolio horri aurre egitea ia ezinezkoa da, eta gaur egungo elikadura moldeei bertako barietateekin eustea ez litzateke posible izango. Ondorioz, inguruko nekazari askok zeregin hori beste ekoizle industrialen esku utzi behar izan dute. Legea "oso zorrotza" da gainera, eta azkenaldian zertxobait malgutu bada ere, Leire Ibarretxeren arabera, "asko zailtzen dizkie gauzak" hazi ekoizle txikiei.

Horri aurre egiteko sortu dira hainbat ekimen: hazi trukeak, hazi sareak edota Aleka Euskal Herriko hazi ekologikoen elkartea, eta, horiekin batera, bertako barietateak salbatzeko lekuan lekuko nekazariek egiten duten ahalegina ere hor dago. Aretxabaletan, adibidez, desagertzeko zorian zegoen tomate arrosa salbatzea lortu dute inguruko nekazariek egindako hazi trukearen bidez.