Itxi

Faktoria

ANALISIA-UKRAINAKO GERRA

Asier Blas: "Zorionez, arrisku nuklearra tartean dagoenean, zuhurtzia erakusten dute potentzia handiek"

Eider Aranberri | EiTb Media

Asier Blas Zientzia Politikoetan doktore eta EHUko irakasleak eta Mikel Reparaz EITBren nazioarteko gaien arduradunak analisia egin dute azken orduetan Ukrainako gerraren testuinguruan izan diren gertaeren inguruan, Euskadi Irratiko "Faktoria"n.

  • Poloniako landa eremuan lehertu den misilak bi lagun hil eta kalte materialak eragin ditu

    Poloniako landa eremuan lehertu den misilak bi lagun hil eta kalte materialak eragin ditu

    12:28 min
imagen player
imagen player
imagen player

Ukrainako gerraren testuinguruan, azken orduetan Poloniako lurretan lehertu den misilak alarma gorriak piztu ditu, eta alde ezberdinek gertatutakoaren inguruko irakurketa ezberdinak egin dituzte. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak NATOren esku hartze zuzena eskatu duen bitartean, bere aliatuek (Europar Batasunak, Estatu Batuek eta Erresuma Batuak) zuhurtziaren alde egin dute; misila Errusiak jaurtitakoa balitz, horrek NATO inplikatuko luke gerran zuzenean.

Mikel Reparaz EITBko nazioarteko gaien arduradunaren arabera, halako arrisku baten aurrean gaudenean, gauzak "argiago" ikusten dira. "Ikerketak argituko du zer gertatu den, baina halako gertaerek argi erakusten dute gerra honetan irensten ari garen propaganda zenbaterainokoa den".

Iritzi horrekin bat etorri da Zientzia Politikoetan doktore eta EHUko irakasle den Asier Blas. Nabarmendu du, Ukraina bezala, Baltikoko herrialdeak ere "gogotsu" zeudela NATOk gerran esku hartu zezan, baina "zorionez, arrisku nuklearra tartean dagoenean, zuhurtzia erakutsi dute potentzia handiek". Zuhurtzia hori errazago ulertzen da, Asier Blasen arabera, azken egunetan Estatu Batuetako eta Errusiako inteligentzia zerbitzuek Turkian izan dituzten elkarrizketak kontuan hartzen badira.

Errusiako armada Khersonetik erretiratu ostean, diplomazia mugitzen hasi da, eta, horrek, "gauzak aldatu ditzake". Mikel Reparazen arabera, "bide diplomatikoa zabaltzen ari da, eta negoziaziorako presioak geroz eta handiagoak dira". Baita Txinaren partetik ere. "Xi Jinping Txinako presidenteak esan du bake negoziazioei ekin behar zaiela, eta elikagaiak eta energia arma gisa erabiltzearen aurka dagoela. Washingtonen, berriz, bake negoziazioei keinua egiteko adierazpenak geroz eta ugariagoak dira".

Ukrainaren aliatuen jarrera erabakigarria izango da Asier Blasen arabera: "presionatzeko gaitasun handia dute, izan ere, Ukrainako armada eta estatua mantentzen dute Estatu Batuetatik eta Europatik iristen den diruak, eta laguntza hori Ukraina garaipenera gerturatzeko erabakigarria izaten ari da".

Kontuak kontu, Reparazek ohartarazi du gerrak "bete-betean" jarraitzen duela, eta une honetan Ukrainak ez duela negoziaziorako interesik. Errusiari, ordea, su etena komeni zaio bere egoera txukuntzeko. G20aren goi bileraren amaieran munduko 20 herrialde boteretsuetako liderrek adostu dezaketen adierazpenak eta hori Errusiak sinatzeak argitu dezake hurrengo asteetarako gerraren eszenatokia.