Faktoria
Estatu kolpe saiakera
Brasilgo oldarraldiaren osteko egoeraren azterketa
EIDER ARANBERRI | eitb media
Mikel Reparaz EITBko nazioarteko gaien arduradunarekin eta brasildar jatorriko Haritz Ormazabalekin eta Amanda Verronerekin aztertu ditugu igandeko estatu kolpe saiakera osteko egoera eta horren atzean dagoen testuingurua.
-
Brasilgo erakundeen aurkako oldarraldia
23:46 min
Mikel Reparaz EITBko nazioarteko gaien arduradunaren arabera, "ez da erraza" izango erasoaren atzean nor dagoen argitzea: "ikerketaren baitan egongo da, baina nolabaiteko ardura intelektuala Jair Bolsonaro presidente ohiarengan dago. Floridara ihes eginda egoteak, distantzia fisikoak ez du bere ardura lausotzen".
Brasilgo gizartearen polarizazioa eta zatiketa handia da Reparazen esanetan, "Estatu Batuetan bezala". Aldaketaren inguruko beldurra desinformazioaren bidez erabiltzen duten mugimenduak daude zatiketa horren atzean.
Horregatik, Haritz Ormazabal Sao Paolon bizi den euskaldunaren arabera aurreikusi zitekeen han ere gertatuko zela. "Estatu Batuetan gertatu zenean, hemen ere abisatu zuten gertatuko zela Bolsonarok hauteskundeak galtzen bazituen". Egoera baretu dela dio Ormazabalek, eta bat dator horrekin Amanda Verrone Euskal Herrian bizi den brasildarra. Bere hitzetan, "Brasilgo azken urteetako testuinguruarekin bat datorren beste adierazpen bat izan da igandekoa".
Eta ez da azkena izango. Mikel Reparazek ohartarazi du han eta hemengo eskuin muturreko adierazpen eta desinformazioaren hedapena geraezina dela eta itxura bereko atal berriak izango ditugula: "Donald Trumpek markatutako gidoiaren atzetik doaz".