Itxi

Faktoria

Lehortea

Ane Zabaleta, EHUko ikerlaria: "Uraren erabilera guztiek ez dute uraren kalitate berdina behar"

P.G. | EITb Media

Zientzialariek ohartarazi dute ura gero eta baliabide eskasagoa bilakatzen ari dela. Horren aurrean nola kudeatu eta zein aldaketak diren beharrezkoak aztertu dugu "Faktoria"n. Urtegien egoera bildu dugu eta ur eskasiak kaltetzen dituen sektoreekin ere mintzatu gara, orainaz eta etorkizunaz.

  • Ane Zabaleta eta Urkuluko urtegia.

    Ane Zabaleta eta Urkuluko urtegia.

    24:38 min
imagen player
imagen player
imagen player

Onintze Salazar EUSKALMETeko metereologoak aurreratu du, joerak aztertuta,  aurtengo udaberria eta uda  lehorrak eta beroak izateko aukera gehiago dagoela bestela baino: "2022ko urtea Euskadin, urterik lehorrena izan da, beroa izan zen eta euri falta izan zen, Bizkaiko leku batzuk kenduta. Esanguratsua da". Tenperaturaren kasuan argi ikusten da goraka doazela eta euriari dagokionez, gehiago ala gutxiago botatzen duen baino gehiago, prezipitatzeko modua aldatu dela erakusten dute azterketek".

Denboraldi luzeagoak pasatzen dira orain euririk gabe eta etorzen direnean, bortitzagoak dira euri jasak. Hau kontutan izanda,  "ura kudeatzeko modua" ere aldatu beharko  dela iritzi dio.

Bada, Ane Zabaleta EHUko Hidrogeologia eta Ingurumen ikerlariak defendatu du uraren kudeaketa ez dela tutuetan sartzen denean hasten, lurraldean bertan baizik: "Tenperaturak gorantz joateak esan nahi du  ur gehiago lurrintzen dela lurretik eguratsera eta  ur gutxiago pilatzen dela ibai edo akuiferoetan". Garrantzia berezia du hortaz zer landatzen den, "ez duelako berdin konsumitzen  elefante batek edo inurri batek, ehun urte dituen baso batek edo hazkunde azkarreko plantazio batek". 

Uraren kudeaketa egoki bat egiteko, ezinbestekoa jo du bestalde beharrak eta nahiak ondo bereiztea: "Kudeaketa eraginkorra lortzeko behar beharrezkoa den ura bermatu behar da  baina bestelako erabileterako dena, kudeatu egin behar dela, gakoa ez da sisteman gero eta ur gehiago izatea, benetan behar duguna  bermatzea baizik eta ez nahi duguna".

Zentzu honetan, erabilera guztiek ez dutela uraren kalitate berdina behar  azpimarratu du: "Orain ur berdina erabiltzen dugu denetarako, oso kalitate oneko ura, berdin edateko, komonerako edo lorategiak ureztatzeko. Baina kalitate gutxiagoko ura erabil daiteke kaleak garbitzeko, edo dutxako ura komonerako, adibidez... horrek  noski azpiegitura egoki bat eskatzen du eta inbertsioak baina uraren arazoa dagoenerako hasi beharko ginateke neurri hauek hartzen.