Itxi

Faktoria

DROGAK ETA FENTANILOA

Aguerretxe Colina: “Droga mota asko kontsumitzen dira gurean; baina, zorionez, Fentanilo epidemiarik ez dago”

IMANOL DE LA VARGA | EITB MEDIA

Estatu Batuetan 70.000 lagun hil dira azken urtean Fentanilo gaindosiak jota; epidemia kontrolatu ezinda dabiltza. Euskal Herrian, aitzitik, substantzia horrek ez du presentzia handirik, momentuz. Euskadi Irratiko "Faktorian" drogamenpekotasunaren inguruko azken berrien errepasoa egin dugu.

  • Arkaitz Aguerretxe Colina

    ARKAITZ AGUERRETXE COLINA

    23:58 min
imagen player
imagen player
imagen player

Datozen egunetan biltzar garrantzitsua egingo da Biarritzen. Europako Toxikologia elkarteak bi urtean behin antolatzen duen "Adikzio, Toxikomania, Hepatitis eta Ihesari buruzko batzarra"-ren zuzendariordea da Arkaitz Aguerretxe Colina neuropsikologoa. Hark azaldu digu Fentaniloaren presentzia, momentuz, oso urria dela Euskal Herrian. Arrazoien artean legoke adikzioak atzeman eta prebenitzeko osasun sistema indartsua.

Ivan Montoya, Estatu Batuetako droga adikzioak aztertzen dituen NIDA institutuko zuzendari klinikoak azaldu digu egoera oso ezberdina dela AEBetan. Denbora gutxian Fentaniloak penetrazio handia izan du, eta epidemia larri bilakatu da. Azken urtean 70.000 lagun hil dira gaindosiak josta, horietako asko, drogaren eraginen ondorioz bat-batean arnasa hartu ezinda.

Bi lirateke arrakasta horren arrazoi nagusiak: produzitzeko substantzia merkea dela eta Mexikoko kartelak ari direla droga herrialdean sartzen eta zabaltzen.

Hortik aurrera, Aguerretxek kontatu digu Euskal Herrian ez dela aldaketa handirik sumatu droga kontsumoaren joeran. Hori bai, konturatuta daude Kokainaren kontsumoak nabarmen gora egin duela. Hala ere, gogorarazi du, gaur gaurkoz, tabako eta alkoholaren ondorioz ematen direla heriotza gehien.

Biarritzeko batzarraren atariko, droga kontsumo, adikzio eta ikerketari lotutako bestelako hari-muturrak ere landu ditugu Aguerretxerekin; besteak beste, drogen kontrako balizko txertoak edo zigarreta elektronikoak izan ditugu aipagai.