Faktoria
Garbiñe Biurrun magistratua
"Ulertzen ditut grebarako arrazoiak baina batzutan herritarrongan eragiten den kaltea desproportzionatua da"
Pilar Goya | EITb Media
EAEko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Aretoaren presidenteak ardura gehiago eskatu du grebak deitzerakoan: "Nola eta zein arlotan egiten den eta zein eragin duen bi aldiz pentsatu beharko litzateke". Euskararen inguruko epaien kontura oso kritiko, marko konstituzionala bera dela oztopo adierazi du.
-
Garbiñe Biurrun, EAEko Auzitegi Nagusiko lan arloko arretoaren presidentea
22:23 min
Garbiñe Biurrunek argi utzi du grebarako eskubidea oso garrantzitsua dela eta langileriak bere aldarrikapenak defendatzeko tresnarik garantzitsuenetakoa, baina, aldi berean, "oreka ta proportzioa" eskatu ditu: "Iruditzen zait, batzuetan, herritarrongan eragiten den kaltea desproportzionatua dela lortzen denarekin alderatuta".
Euskararen inguruan oso ezkor mintzatu da, hainbat epaik sortu duten giroaren aurrean. Bere hitzetan larriena, Konstituzio Auzitegiak berak Euskadiko Udal Legearen artikulu bat, Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jo izana: "Nahiz eta bi boto partikulak izan, Konstiuzional aurrerakoi honek Udal Legearen kontra eginez jokatu behar badu, gurean egin du. Marko konstituzionala bera da euskarararen garapena oztopatzen ari dena".
Bide batez hausnarketa eskatu du euskarak epaitegietan duen garapen eskasaz: "44 urte beteko dira Gernikako Estatutua onartu zenetik eta oraindik plan pilotuak garatzen jarraitzen dugu. Ia ezinezkoa da euskaraz aritzea hasi eta buka epaiketa batean, besteak beste, parte hartzaile asko dagoelako. Itzulpen zerbitzuak behar dira, zuzenean... oso zaila da".
Epaitegietan dagoen lan karga itzela dela salatu du, "2012tik atzerapen izugarria bizi dugu. Egiturazko arazoa da, ez dago epaile nahikorik, ezta epaitegirik ere...". Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiak bizi duen bloekoaz azkenik, ezkor mintzatu da eta ez duela irtenbide argirik ikusten gaineratu du, "Estatuko gobernura batzuk edo besteak iritsi, lege erreforma egin beharko da", erantsi du.