Faktoria
KARTZELA ETA GIZA ESKUBIDEAK
Joxe Mari Larrañaga: "Epaileak kartzelara eraman genituen, jendea nora bidaltzen zuten ikas zezaten"
JOn Artano | EITb Media
Arrats elkartearen sorreraz, gaur egungo lanaz, erakundeekiko harremanaz eta Eusko Jaurlaritzak espetxeak kudeatzeko sortzen ari den ereduaz aritu da Larrañaga.
-
Joxe Mari Larañaga, Euskadi Irratian
24:15 min
"Zigortuen bizi baldintzak duintzen egindako lanagatik" Gomez Elosegui saria eman dio Eusko Jaurlaritzak Arrats elkarteari. Kartzelan dauden pertsonei eta haien familiei laguntzen ia 25 urte daramatza Arratsek, eta hasieratik ari da bertan buru belarri Joxe Mari Larrañaga, sortzaileetakoa izan zelako. Gaur egun 80 lagun inguru ari dira lanean erakunde horretan, eta, Larrañaga presidentea den arren, ez dio utzi kaleko lanari, "kalean aurkitzen dudanean jendea (droga) kontsumitzen eta zisko eginda, esaten diet nahi duzunean hemen nago kafe bat hartzeko". Gertutasun horri eskerrak, "goxotasun hori eskerrak, behar gaituztenean hor gaudelako", beste inorekin hartuemanik nahi ez duen pertsonek jo ohi dute Arratsera.
Kartzelak "azken irtenbidea" behar lukeela dio Larrañagak, eta erakundeen burokraziak asko zaildu eta moteltzen duela behar dutenei laguntza ematea. Kale gorrian dauden immigrante gazteen kopurua asko handitzen ari dela ere azpimarratu du, eta erakundeek ez dutela beren gain hartzen horiei laguntzeko ardura. Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskuduntza hartzeak erakundeekiko komunikazioa nabarmen hobetu duela esan du, eta egoera hobetze bidean dagoela baina aldaketak "oso motel" doazela.