Goiz kronika asteburua
HERRI BOZAK IPARRALDEAN
Ubiria: "Etchegarayk abantaila du Baionan, baina boto aktibazioa izango da gakoa"
Ander Altuna | EUSKADI IRRATIA
Maite Ubiria kazetari eta Euskadi Irratiko kolaboratzaileak Ipar Euskal Herriko bozen bigarren itzulia aztertu du Goiz Kronika saioan.
-
Maite Ubiria kazetaria, artxiboko irudi batean.
7:50 min
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herri eta hiri nagusietan hasi dira botoa ematen, 158 herrietatik 18tan, hain zuzen. Gainerako auzapezak, eta herriko kontseiluak pandemia aurreko hauteskundeetan argitu ziren, martxoaren 15ean egindako lehen itzulian.
Gaurko bozak erabakigarriak izango dira Euskal Elkargoaren osaketarako ere bai, eta horretan, gakoa izango da Baionan gertatzen dena, erakunde horretako ordezkariak udal hautetsiak baitira. Lapurdiko hiriburua arreta-gune nagusietako bat da. beraz, eta lehia estua aurreikusten da jarduneko auzapez eta Elkargoko presidente Jean Rene Etchegaray zentristaren, eta Henri Etcheto sozialistaren artean.
Matematikoki parean egonik, abertzaleen bozkak sekulako garrantzia izango du, baina kontuak ez daude garbi: hainbatek, Etchegarayren alde egingo du, bake prozesuan eta presoen auzian erakutsitako jarreragatik. Aldiz, Etchetoren aldeko botoa emango du beste hainbatek, ezkerra garaile ateratzeko, nahiz eta Etchetok ez duen Euskal Elkargoa begi onez ikusten.
Maite Ubiria kazetariak eta Euskadi Irratiko kolaboratzaileak azaldu ditu udal bozen inguruko hainbat gako, Goiz Kronika saioan.