Goiz kronika asteburua
Elkarrizketa
Nagore Iturriotz, Steilas: "Titulartasuna aldatu ezean, marko desberdinekin, arazoa ez da konponduko"
Hezkuntza Sailak hartutako azken neurriak hizpide izateaz gain, azken asteotan ezagutu dugun EH Bilduren Hezkuntza legerako proposamenaren inguruan Steilas sindikatuak duen iritzia ezagutu dugu Euskadi Irratiko Goiz Kronikan.
-
Nagore Iturriotz, STE-EILAS sindikatuko bozeramalea
9:41 min
Nagore Iturriotz Steilas sindikatuko bozeramalea izan dugu Euskadi Irratiko Goiz Kronikan. Azken orduotan eskoletarako moldatu den protokoloa ezagutu biharamunean, Euskadiko Irakaskuntzako Langileen Sindikatutik adierazi digute "ez dutela malgutasunik ikusi". Berriz ere alde bakarrekoa izatea eta "eurekin adostu ez izana" salatu du.
Protokolo berriaz gain, EH Bilduk egindako Hezkuntza legerako proposamenaren inguruan duten iritzia ere eskatu diogu Iturriotz bozeramaleari. "Asmo onekoa" deritzoten arren, nabarmendu dute ez dutela "egingarri" ikusten. "Titulartasuna aldatzen ez bada, marko desberdinak ditugun neurrian, arazoa ezingo da konpondu" dio eta irtenbidea "marko bakar baterako bidea" egitea dela esan du.
Arauak idatzita izan arren, "publikotasuna erdigunean jartzea" eskatzen du STE-EILAS sindikatuak eta titulartasunean ikusten du horretarako gako nagusia: "ezin dugu esan publikoa dela titulartasun pribatua denean". Arautzearen premia ikusten dute "arau bereko sare edo sare bakarra" osatuz. Jabetzen dira gainera Euskal Herrian errealitate ezberdinak ditugula, "horri arreta eman behar zaiola" nabarmendu du eta erantsi "ez dugu konponduko arazoa, marko berdinaren pean ez baditugu neurriak hartzen".