Gizartea -

Koronabirusa

Etsipena EAEko eskoletan Hezkuntzako protokolo berriaren aurrean

Zuzendariek eta gurasoek eskoletan neurri gehiago arintzea espero zuten, batez ere kanpoaldeetan musukoa erabiltzearen inguruan.

Eskola bateko gela. EITB Mediaren bideo bateko irudia
Eskola bateko gela.
Eskola bateko gela. EITB Mediaren bideo bateko irudia

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etsituta agertu dira Hezkuntzako eragileak Eusko Jaurlaritzak ostiralean aurkeztutako covid-19aren kontrako eskoletako murrizketen protokolo berriaren aurrean, gehienak ez direlako arindu. Orokorrean, eskoletako zuzendariak eta gurasoak pozik agertu dira burbuilak kentzeko erabakiarekin, baina beste neurriak ez arintzea deitoratu dute; batez ere, musukoaren erabilera. Hurrengo hilabeteetan protokoloan aldaketa gehiago egitea espero dute.

Iñigo Salaberria Heize Euskal Eskola Publikoko zuzendarien Federazioko presidenteak pozik hartu ditu "normaltasun zahar hartara hurbiltzen gaituzten neurriak, badugulako gogoa aurrera egiteko, baina hala ere haur txikiak dauzkagunok, tabernak oso protagonista ikusten ditugu". Azaldu duenez, interesgarriagoa iruditzen zaio "Hezkuntzan protokoloak aldatzea edo arintzea, haurrek beste aukerak izan ditzaten".

Ehige Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko Lurdes Imaz etsituta agertu da. Gizartean aurrerapausoak ematen diren bitartean, "ematen du umeak alde batera uzten ari direla, adibidez, jolas garaian". Izan ere, eskoletan neurri gehienak mantenduko dituzte.

"Oraindik musukoarekin ikusten ditugu 6 urtetik gorakoak. Hori ikasturte hasieran aztertzekoa zen", gehitu du.

Zunbeltz Fullaondo Abusu Ikastolako zuzendariak ETB2ko "En Jake" saioan azaldu duenez, ezinezkoa izango da jolastokietan 1,5 metroko distantzia mantentzea, eta ikasleek, baita txertatuta dauden 12 urtetik gorakoek ere, musukoa erabiltzen jarraitu beharko dute. "Ez dugu tokirik metro eta erdira baino gehiagoko distantzian egon daitezen. Irreala da musukoa kenduko dutela esatea. Zorrotz kontrolatu beharko ditugu kalean, beraz, gurekin musukoa erabiltzen jarraitu beharko dute", azaldu du Fullaondok.

Ikastolako zuzendaria esan duenez, etsituta dago Hezkuntza sektorea, protokoloa "ez baita ia aldatu". Horregatik, azaldu duenez, bere ikastolan ez dira egokitu beharko astelehenera begira, aldaketak indarrean sartuko diren egunerako.

Gainera, "ikaslearen garapenean agertzen ari diren zenbait alderdiez" ohartarazi du Fullaondok. "Lehen ikusten ez genituen arazoak ikusten ari gara, eta aurre egin beharko diegu", esan du. "Zuhurrak izan beharko gara, baina ezin gara egon kalean modu batean, eta ikastolan beste mota bateko bizitza bat egitea behartuak izan", bukatu du.

Adolfo Minguez Gasteizko Inmaculada Concepcion ikastetxeko zuzendariak murrizketen arintzea ospatu du, "gauzak errazten dituztelako eta laguntzen digutelako, batez ere umeen sozializazioan", eta eskatu du "harreman eta gertutasun handiagoa egotea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak Koronabirusa Gurasoak Maskarak