Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

KONTXAKO BANDERA - 1. EGUNA

Zierbenak eman du lehen kolpea Kontxako Banderan, epaileek Orio zigortu eta gero

G. P. A. | EITB Media

Orio izan da azkarrena uretan, baina hiru segundoko zigorra jarri diote epaileek, estropada hastear zela euren zodiaca behar ez zen tokian zegoelako, eta, ondorioz, Zierbena gailendu da lehen jardunaldian, 10 ehunenengatik izan bada ere.

2:22

Oriok eta Zierbenak estropada ikusgarria egin dute Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Uretan San Nikolas ontzia izan da azkarrena, eta 19 minutu baino gutxiago behar izan ditu lanak amaitzeko, historiako bigarren markarik onena eginda. Zierbena, berriz, Orio sartu eta hiru segundora helmugaratu da.

Alabaina, estropada abiatu aurretik izan den gertakari batek azken sailkapena aldatu du; izan ere, Iker Zabalak entrenatzen duen taldeari hiru segundoko zigorra jarri diote epaileek, proba hastear zela Orioren zodiaca zero kalean zegoelako, araudia urratuta.

Penalizazio horren ondorioz, Zierbenak markatu du ofizialki denborarik onena lehen jardunaldian. Hori bai, Orio 10 ehunenera dago, eta, horrenbestez, datorren igandeko estropada erabakigarrian bi ontziak parean aterako dira.

Horregatik, eta bi taldeek sasoiko daudela erakutsi dutelako, emozio eta tentsio handiko estropada izango da datorren igandekoa, lehia estua aurreikusten baita.  

Gaurko jardunaldiari dagokionez, Orio, Zierbena, Urdaibai eta Getaria aritu dira lehen txandan. Orio indarrean hasi da, eta buruan joan da lehen luzean, baina Zierbenak ondo eutsi dio, eta bueltakoan bi ontziek borroka handia izan dute denbora onena egiteko.

Ziabogaren ostean, Bizkaiko traineruak aurrea hartu dio Gipuzkoakoari, eta, ondoren, parean joan dira biak ia une oro. Hala ere, azken txanpan, Gorka Aranberrrik gidatzen duen ontziak erritmoa handitu du, ohi bezala, eta hiru segundoko abantailarekin helmugaratu da: 18 minutu eta 56 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko.  

Bermeok joaneko luzea baino azkarrago egin du itzulikoa, eta Getaria, berriz, hondoratu egin da bueltakoan. Bigarren eta hirugarren sailkatu dira, 6 eta 20 segundoko atzerapenarekin, hurrenez hurren. Horrenbestez, datorren igandean Urdaibai ere izango da Kontxako Bandera eskuratzeko lehian, Oriorekin eta Zierbenarekin batera.  

Bigarren txandan, Donostiarra, Hondarribia, San Juan eta Lekittarra lehiatu dira. Etxeko taldea izan da azkarrena, eta Getariak baino denbora hobea egin duenez, laugarren tokian bukatu du Kontxako Banderaren lehen jardunaldia.  

Kontxako Banderaren lehen jardunaldiko sailkapena.

Kontxako Banderaren lehen jardunaldiko sailkapena.