Arrauna
Popako kamera
Kontxako Bandera, zuzenean, traineru barrutik
M.D. | EITB.EUS
Estropadaren ohiko multikamera-emanaldiaz gain, eitb.eus-ek jarraipen berezia egingo dio txanda bakoitzeko traineru bati, barru-barruan kokatutako kamera baten bidez. 10:45ean hasiko da emankizuna.
Arrauneko estropada handiena ezin hobeki bizitzeko beste aukera bat eskainiko du eitb.eus-ek. Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldia zuzenean emango dute, 10:45etatik aurrera, ETB1ek eta eitb.eus-ek. Gainera, Bilboko Banderan egin bezala, traineruaren popan kokatutako kamera batek estropada barrutik ikusteko aukera emango du, eitb.eus-en bidez.
eitb.eus-eko erabiltzaileak estropada barrutik bizitzeko aukera izango du, txanda bakoitza ontzietako batetik zuzenean emitituko duen kamera bati esker. Zaleak hurbil izango ditu arraunlariak, inoiz ez bezala, kamera berezi horri esker; eta taldearen estrategia ikusteko, patroiaren adoreak entzuteko eta arraunlarien lan nekeza sentitzeko aukera izango du.
Esperientzia berria modu askotan bizi daiteke. Bi emisioak eskainiko ditu eitb.eus-ek, edozein pantailatan ikusteko modukoak: estropadaren multikamera-emanaldia eta traineru barruko ikuskizuna. ETB1eko emanaldia telebistan ikusi nahi duen ikus-entzuleak, aldi berean, eitb.eus-eko traineru barruko emisioa izan dezake bigarren pantaila batean, mugikorrean, tabletean edo ordenagailuan, zuzen-zuzenean, eitb.eus atarian edo Android eta IOS-erako EiTBk garatutako app-etan.
Gaur, 10:45ean, Kontxako Bandera nola bizi nahiko duen erabaki ahal izango du erabiltzaileak, ETB1ek eta eitb.eus-ek eskaintzen dizkion aukera guztiak eskura dituela.
Lehen jardunaldian gertatzen denaren kontakizuna Mikel Olazabalek eta Ibon Gaztañazpik egingo dute. Bestalde, Sara Gandara eta Xabier Andueza arduratuko dira eguneko protagonisten hitzak biltzeaz eta Donostiako portuan bizi den giroaren berri emateaz.