Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Kontxako Bandera

Urdaibaik 10 segundoko aldea lortu du lehenengo jardunaldian

Mikel Dominguez | eitb.eus

Kaiku izan da bigarrena. Hondarribia hirugarren kokatu da, Sestaokoak segundo bakarrera dituela. San Juan gailendu da emakumezkoen lehenengo jardunaldian.

1:12

Urdaibai gailendu da Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldian. Goizeko ontzirik azkarrena izan da. Kaiku 10 segundora helmugaratu da, lehenengo txandan. Hondarribia hirugarren postuan kokatu da, lehenengoak 11 segundora dituela, eta urrunago, 19ra, Orio dago.

Inork ezin izan du Bermeokoen denbora hobetu. Itsaso barean egin dute arraun. Urdaibaik denbora bikaina egin dU: 19:02.98. Inoizko errekorrik onena hiru segundora dute. Castrok egin zuen, 2006an. Kantabriarrak izan ziren 19 minutu baino gutxiago egiten bakarrak Donostiako estropadan.

Hala ere, bizkaitarrek lortutako errenta ez da behin betikoa izango, eta hurrengo asteburuan defendatu beharko du, ohorezko txandan. Kaiku, Hondarribia eta Oriorekin egingo du arraun. Bigarren txandan Portugalete, San Juan, Cabo da Cruz eta Donostiarra egongo dira.

Bi txandak lehiatuak izan dira. Urdaibaik denboraldi osoan zehar bildutako amorrua erabili du bere alde. Inoizko zailena izan du San Miguel Ligan, dudarik gabe. Portugalete eta Cabo azkar geratu dira atzean, Bermeokoek markatutako denbora ezin jarraituz. Kaikuk, aldiz, gertutik jarraitu ditu Urdaibairen arraunkadak.

Urdaibairen atzetik ibili arren, 10 segundo galdu ditu helmugan Kaikuk. Kontuan hartzekoa da aldea, baina ez behin betikoa.

Bigarren txandan, Hondarribia eta Orioren artean egon da lehia, hain zuzen, Ligan aurretik ibili diren bi taldeen artean. 'Ama Guadalupekoa' ibili da aurretik txanda osoan, bizkaitarren denboraren pare egoteko asmoz.

San Juanek ezin izan du aurreko bien erritmoa jarraitu, ezta Donostiarrak ere, oso atzean. Hondarribia eta Orioren arteko lehia azken ziabogan erabaki da. Hala ere, biek denbora galdu dute azken luzean, eta ezin izan zaie Urdaibairi gerturatu.

Emakumezkoen estropadan, San Juan dago lehenengo postuan. Pasaiarrak Hibaika baino segundo bakar bat leheneago helmugaratu dira. Zumaia 4 segundora dago, eta urrunago dago Orioko ontzia, 16 segundora.

Gizonezkoen lehenego jardunaldiaren sailkapena:

1. Urdaibai 19:02.98

2. Kaiku +10.54

3. Hondarribia +11.50

4. Orio +19

5. Portugalete +28

6. San Juan +34

7. Cabo +36

8. Donostiarra +1:27

Emakumezkoen lehenengo jardunaldiaren sailkapena:

1. San Juan 10.36.80

2. Hibaika +1.32

3. Zumaia +4.48

4. Orio +16.72