Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Bilbon

San Miguel TKE Liga: Larunbat honetan, aurreneko hitzordua

Erredakzioa

Denboraldiko lehen estropada, SEAT Bandera-Bilbo Hiria Sari Nagusia, 17:00etan hasiko den erlojupekoa izango da.

Denok uretara! Aspaldi sartu ez balira bezala… Uztaila ate joka dugu, beroa gurean da, arraun denboraldia bezalaxe. Urduri jartzeko unea da, tentsioa agertzeko momentua, poza eta tristura adierazteko unea. Azken zortzi hilabeteetako lan saio bukaezinetan sufritutako guztia ahazteko garaia da… edo gaizki egindako lanekin damutzeko unea, batek daki. Bilboko itsas adar lasaian murgiltzeko ordua da, izerdi patsetan lehertu eta nerbioak alboratzeko ordua. Lehen bandera haizatzeko unea da, klubetako kontu korrontea loditzen hasteko une aproposa, lehen puntuak poltsikoratu eta itxaropena irabazteko unea. Zaleak sutsu agurtu, edo haien berotasuna bilatzeko unea. Maratoia hastear da, non eta Kantauri Itsasoko hiri garrantzitsuenean. Liga Bilbo handitik gertu bukatuko da, baina hiru hilabete barru ia, udazkeneko ekinozioarekin batera. Paladaz palada, presarik gabe, baina sendo. Arrakastari besarkatuta, ahal bada. Pasioari itsatsita, ezinbestean. Pasiorik gabe ez dagoelako ezer. San Miguel Ligak zerbait soberan badu pasioa delako.

Ordu batzuk bakarrik geratzen dira Castrok, jarduneko txapeldunak, bere indarra zenbaterainokoa den erakusteko. Urdaibaik, Kaikuk eta Pedreñak arrauneko adituek eman dieten faborito izaera baieztatu behar dute, eta Hondarribiak eta Oriok ere onenengana hurbiltzeko gai direla esan nahiko dute ozen. Astillerok ACT arrotza egiten ez zaion maila dela erakutsi nahi du, bere itzuleraren lehen urtean. Zer esan Pasaiako bi ontziei buruz. Helburu bikoitza dute San Pedrok eta Koxtapek: ahalik eta sailkapen onena lortu, eta bizilaguna atzean utzi. Arreta berezia era berean Tiran, Zumaia eta Zarauzko ontziei. Hirukote horretan dago, askoren ahotan, maila galduko duen taldearen izena, baina aurreikuspenek ez dute ezertarako balio arraunean.

Pizgarriak han eta hemen. Gaur bertan aurkeztu da San Miguel Ligako lehen estropada: SEAT BANDERA – BILBO HIRIA SARI NAGUSIA. Aurkezpen ekitaldia Bilboko Udalean egin da, eta hara bertaratu dira Jon Sustatxa udaleko Kirol zinegotzia, Alfonso Romero SEAT etxeko ordezkari gisa, Piter Bravo ACT elkarteko presidentea, eta Borja Rodrigo, Kaiku AT ordezkatuz.

Estropada Bilboko itsas adarrean jokatuko da, eta ontzien irteera udaletxearen inguruan izango da. Arratsaldeko 5etan hasiko da lehiaketa, erlojupekoan, eta ontziek lau luze eta hiru ziabogako lana osatu beharko dute. 5.556 metro denera, hiru itsas milia. Hiru txanda antolatu dira. Lehenengoan San Juan Iberdrola, Astillero, Zumaia Altuna y Uria eta Tiran Pereira ariko dira. Ontzi guztiak minutu bateko tartearekin abiatuko dira. Bigarren txandan pasa den urteko ligan 5. eta 8. postuen artean sailkatutako ontziek parte hartuko dute. Zarautz Inmobiliaria Orio izango da abiatzen lehena, eta ondoren ekingo diote lanari Kaiku Ambilamp, Urdaibai Umpro Avia eta Orio Amenabar ontziek. Azken txanda pasa den urteko ligan lehen lau postuetan sailkatu ziren ontziek osatuko dute: Pedreña, Hondarribia Orsa, San Pedro Ecolmare eta Naturhouse Castro.

SEAT etxea da San Miguel ligako lehen estropadako babeslea, eta bere erabakiarekin, arraun lehiaketa enpresa garrantzitsuenentzat ispilu ezin hobea dela baieztatzen du. Era berean, SEAT bezalako enpresen babesak erakargarriagoa egiten du udako kirol lehiaketa garrantzitsuena.