Arrauna
Arrauna
San Miguel TKE Liga: Asteburu honetan, Pedreña eta Portugalete
Erredakzioa
Kantabriako estropadak Oriok lehen bi jardunaldietan erakutsitako nagusitasuna berretsi dezake. Igandean Portugaleten izango da hitzordua, Bilboko Itsas adarrean zati bat, Abra irekian beste bat.
Bizkaia, Gipuzkoa, eta hirugarrenean Kantabria. San Miguel Ligak mendebalderantz egingo du asteburu honetan, Kantabria aldera. Pedreñak hartuko du arraunaren karabana larunbat honetan, uztailak 10 dituela: Marina De Cudeyoko VI. Bandera, Dynasol-Endesa Sari Nagusia. Santanderko badian jokatuko da estropada, itsas adarra eta itsaso zabala batzen diren gunean. Lehiaketa 16:00etan hasiko da, hiru txandatan, eta ontziek hiru itsas miliako distantzia osatu beharko dute. 5.556 metro, lau luze eta hiru ziaboga.
Kantabrian jokatuko den lehen estropadak Oriok lehen bi jardunaldietan erakutsitako nagusitasuna berretsi dezake. Edo kolokan jarri. Baita Castro eta Urdaibairen, San Miguel Ligako 2. eta 3. sailkatuen hautagaitza lehen asteburuan ikusi bezain sendoa den. Pedreñak etxean egingo du arraun, eta haien aurrean lan ona egiten ahaleginduko da. San Juan atzean utzi, eta lau onenen artean lekua egin nahi dute Kantabriakoek. Lehen asteburuan espero zen neurria eman ez zutenentzat ere aukera aproposa da Pedreñakoa, norabidea zuzentzeko. Kaiku eta Hondarribiarentzat, adibidez. Zer esan Zumaia eta Zarautzi buruz. Hasi eta berehala zuloan sartu dira, baina bertatik ihes egin nahiko dute lehenbailehen.
Igandean
San Miguel Liga Galiziara begira jarriko da laster, baina harantz abiatu aurretik azken geltokia egingo du Euskadin, igandean. Portugaleten, hain zuzen ere. Ambilamp Banderako III. ekitaldia jokatuko da, Kaiku arraun elkarteak antolatuta. Bilboko Itsas adarrean zati bat, Abra irekian beste bat. Hiru txandak bezperako estropadako sailkapenaren arabera erabakiko dira.