Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Teknologia berriak

Olatuen periodoa, altuera eta norabidea eskuragarri izango dira denboraldi honetan

eitb.eus

Anteia buiari esker, estropadetan informazio gehiago izango da, ez kirolarientzat soilik, baita ikusleentzat ere; izan ere, estropada txanda guztian zehar hainbat datu interesgarri emango dira.

Eusko Label Ligak eta Euskotren Ligak aurten berrikuntza bat izango dute, Anteia buiak olatuen norabidea, altuera eta periodoa adieraziko baititu.

TKE Traineru Kluben Elkartearen helburuetako bat teknologia berriak eta aurrerakuntzak erabiltzea da. Duela urte batzuk hainbat aurrerapen erabiltzen hasi ziren arraun munduan —bideo finisha, GPS seinalea edota traineru barruko kamerak, esate baterako— eta orain ezinezkoa da estropada bat aurrerakuntza horiek gabe imajinatzea. Horregatik, aurten Zunibal eta ETBrekin batera, TKEk aurrerapausoak emango ditu berriro teknologia berriak kirol mundura ekartzeko.

Gailu berri horri esker, estropadetan informazio gehiago izango dute, bai kirolariek bai ikusleek, estropada txanda guztian zehar hainbat datu interesgarri emango baititu. Anteia buiak une oro dauden olatuen periodoa, altuera eta norabidea erakutsiko dizkigu. Buia honen abantaila handienetariko bat horren arintasuna da; 26 kiloko pisua du, eta metro erdi baino apur bat gehiagoko diametroa.

Anteia buia Zunibal enpresa bizkaitarrak sortu du. Bertan hogei urte baino gehiago daramatzate itsas eta arrantza sektorerako punta-puntako produktuak egiten. Ikerkuntza, teknologia, gaitasun handiko taldea eta itsasoarekiko pasioa dira Zunibalen osagai garrantzitsuenak. Anteia buiaz gain, beste hainbat produktu dituzte: monitorizatzeko kaxa urdina, Ekozundak, satelitedun buiak eta Tuna 8Xtreme buia (hegaluze arrantzarako diseinatutakoa), tartean.

Akordioa Zunibal enpresaren egoitzan sinatu dute, Derion, eta Ibone Rodriguez de Pablo Zunibaleko zuzendaria, Eduardo Martínez Negozio Garapen zuzendaria eta Adolfo García Produktu ingeniaria izan dira bertan. Borja Rodrigo TKEko presidenteak sinatu du akordioa, eta “berrikuntza teknologiakoaren eskutik” jarraitzeko garrantzia azpimarratu du, estropadetako xehetasunak hobeto ulertzen lagunduko diguten produktuak erabiliz.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kirolak
  • Arrauna