Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Igande honetan

Kontxako Banderaren aurreneko norgehiagoka, ate joka

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Emakumezkoetan, gizonezkoetan besteko neurketa zirraragarria espero da, San Juan eta Riveiraren artean, osteguneko sailkapenean segundo-ehuneko aldea eduki baitzuten.

  • Kontxako Banderako artxiboko argazkia.

    Kontxako Banderako artxiboko argazkia.

Urdaibai traineru bizkaitarra eta Hondarribia eta Orio gipuzkoarrak faborito gisa ekingo diote Kontxako Banderari, egutegiko estropadarik entzutetsuenari. Igande honetan, bi jardunaldietako aurreneko norgehiagoka jokatuko da.

Urdaibaik osteguneko sailkapeneko denborarik onena egin zuen erlojupekoan, eta nahiz eta horrek ez duen alderik zehazten, izandako sentsazioek eta Eusko Label Ligako denboraldi biribilak faborito nagusi gisa kokatzen ditu.

Gainera, Bermeoko arraunlariak jaioak dira Donostiako Badian, zeinetan 2010.urtetik hona bost aldiz izan diren garaile. Hondarribia bestalde, denboraldi bikaina egin du eta azken bandera 2013. urtean eraman zuen.

Oriok osatzen du faboritoen hirukotea iazko edizioko garaipena defendatuz. Historiari begiratuz gero, garaipen gehien duen taldea dugu Orio, eta gainera, Gorka Aranberri patroiak azken lau banderak irabazi ditu, hiru Urdaibairekin, eta azkena Oriorekin.

Hondarribia eta Oriok bi txandetako aurrenekoan arituko dira, eta horrek aparteko puntu bat eman ahal die kontuan izanda bien arteko lehia estua. Bermeotarrek, hala ere, euren denborak ezagutu ahalko dituzte Zierbena lehiakide nagusi izango duen taldean.

Traineruen denborak, bigarren jardunaldikoei gehituko zaizkie, zeina irailaren 9an gauzatuko den.

Neurketa estua espero da emakumezkoetan

Emakumezkoetan, gizonezkoetan besteko neurketa zirraragarria espero da, San Juan eta Riveiraren artean, osteguneko sailkapenean segundo-ehuneko aldea eduki baitzuten. Gainera, sari berak banatuko dira emakume eta gizonezkoen artean.

Kategoria honetan traineru gipuzkoarrak dira nagusi, zortzi taldetatik sei baitira Gipuzkoako probintziakoak; horien artean, Donostiarra, ezuste nagagusietako bat kontuan izanda sailkapenean ez zuela parte hartu beharrik izan.