Arrauna
Eusko Label Liga
Hondarribia jaun eta jabe, Zarauzko Ikurrinan
Agentziak | Erredakzioa
Ioseba Amunarrizen tripulazioa gainerakoak baino askoz gehiago izan da. Orio Ligako liderra bigarren izan da, Santurtzi hirugarren eta Zierbena laugarren.
Hondarribiak argi utzi du sasoi betean dela, eta nagusitasunez gailendu da Zarauzko Ikurrinaren bigarren jardunaldietan. Ondorioz, Ama Guadalupekoak etxera eraman du denboraldiko banderarik preziatuenetariko bat. Horrez gain, Astillerok momentu txarra bizi duela erakutsi du eta orain sailkapeneko azken tokian da, San Pedroren lekua hartuta.
Ohorezko txandan, Hondarribiak aurkari guztiak atzean utzi ditu lehen ziabogaren ostean, eta Orio aurkari nagusiarekiko aldea handitzen joan da palada bakoitzean. Oriotarrek bigarren tokiarekin konformatu behar izan dute, baina ligako lidergoan jarraitzen dute, denboraldi amaieran txapeldun izateko aukera guztiekin.
Santurtziri eta Zierbenari dagokienez, ez dira ondo moldatu itsasoaren egoerara eta irabazlearengandik oso urrun amaitu dute estropada, 18 eta 33 segundotara, hurrenez hurren. Ohorezko txandako laurak izan dira estropadako lehen lau postuetan.
Bigarren txandan, Donostiarrak aurretik hasi du lehia baina Ondarroa eta Urdaibai izan dira protagonista azken metroetan. Lehia oso estua izan dute eta azkenean Ondarroako ontzia gailendu da, 12 ehuneneko aldearekin.
Arazoak Astillerorentzat
Lehen txandan, berriz, argi geratu da Astillerok lanak izango dituela Eusko Label Ligan jarraitzeko. San Pedroren atzetik geratu dira eta,ondorioz, sailkapeneko azken postuan dira orain.