Itxi

Beste kirolak

Igeriketa egokitua

Zudairek bigarren brontzea lortu du bular erako 100 metroko proban, Singapurreko Munduko Txapelketan

EITB Media

Igerilari zubietarra, 3. kaletik igerian, hirugarren jarri da probaren hasieratik eta ez du postua galdu. Bestalde, Iñigo Llopis zortzigarren sailkatu da tximeleta estiloko 100 metroetan.

  • Nahia Zudaire, brontzezko bigarren dominarekin, Singapurren. Irudi: Basque Team

    Nahia Zudaire, brontzezko bigarren dominarekin, Singapurren. Irudi: Basque Team

Nahia Zudaire bigarrenez igo da podiumeko hirugarren tokira Singapurren jokatzen ari den igeriketa egokituko Munduko txapelketan, Basque Team Fundazioak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Fundazioaren beka duen igerilariak hirugarren denborarik onena egin du SB7 kategoriako bular erako 100 metroko finalean, eta brontzezko domina lortu du, S8 kategorian estilo libreko 400 metroetan bereganatutakoari gehituta.

Bular estiloko 100 metroko proba da Zubietako igerilariari hobekien ematen zaionetako bat; horren erakusgarri da Parisko Jokoetan diploma paralinpikoa eman zion laugarren postua.

Final handia arratsaldeko saioan jokatu da zuzenean, goizeko sailkatze-proba izan gabe. Zudaire, 3. kaletik igerian, hirugarren jarri da probaren hasieratik eta ez du postua galdu.

Lehen 50 metroen ostean, horma ukitu du 44.26ko denborarekin, eta bigarren zatian postuari eustea lortu du, Yan NG Cheuk Hong Kongeko igerilariaren zelatan eta aurrean zihoazen bi igerilariek ezarritako abiadura azkarrean.

Mariia Pavlova errusiarrak erritmo bizia ezarri du urrea lortzeko eta poltsikoratu du, 1:24.51ko denbora eginda, Munduko errekor berria ezarriz gainera.

Zilarra Iona Winnifrith britainiarrak zintzilikatu du, 1:26.57ko markarekin, eta brontzea Zudaireren eskuetara joan da, kronoa 1:33.87an geldituz.

Nahia Zudairek aipatutako diploma paralinpikoa eta beste bi brontze ditu bular erako 100 metroko proban, Manchesterreko Munduko txapelketan irabazitakoa 2023an eta Funchaleko Europako txapelketan lortutakoa 2024an.

Iñigo Llopis, zortzigarren tximeleta estiloko 100 metroetan

Bestalde, Iñigo Llopisek, astelehenean bizkar estiloko 100 metroetan Munduko txapeldun izan zenak, tximeleta estiloko 100 metroko proba jokatu du gaur S8 kategorian.

Laugarren postuan amaitu du goizeko sailkapen saioa, 1:06.23 denborarekin, eta horri esker finalean sartu da. Bertan donostiarrak zortzigarren bukatu du, 1:07.43ko markarekin, Ting Li txinatarrak (1:02.12), Alberto Amodeo italiarrak (1:02.87) eta Eduard Horodianyn ukrainarrak (1:03.36) osatu duten podiumeko postuetatik urrun.