Beste kirolak
Pretorian
Oscar Pistorius atxilotu dute, neska-laguna hiltzea leporatuta
Erredakzioa
Atletak neska-laguna tiroz hil ondoren atxilotu egin dutela dio bertako prentsak, baina Hegoafrikako Poliziak oraindik du oraindik informazioa baieztatu.
Hegoafrikako Poliziak Oscar Pistorius kirolari olinpikoa atxilotu du, eta Reeva Steenkamp modeloa, bere neska laguna, tiroz hiltzea leporatu dio.
"Bederatzi milimetroko kalibreko pistola aurkitu dugu tokian, eta 26 urteko gizon bat atxilotu dugu", esan du Katlego Mogale Poliziako bozeramaileak. Poliziak ez du gizonaren izena eman, baina Pistoriusek 26 urte ditu, eta Hegoafrikako prentsak atleta atxilotu dutela konfirmatu du.
Prentsaren arabera, kirolariak bere neska laguna lapur batekin nahastu du, eta erratuta tiroz hil du. Hala ere, Poliziak zurrumurru hau ezeztatu egin du. Emakumeak buruan eta besoan tiro bana jaso ditu, eta jarraian zendu da.
Oscar Pistoriusek Londreseko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, eta finalerdietarako sailkatu zen. Hegoafrikarrak bi hankak ebakita ditu, baina Olinpiar Jokoetan lehiatzeko gai izan da, karbonozko protesiak erabilita.
Hegoafrikako atletaren neska-lagunak amodiozko mezu bat bidali zion Pistoriusi San Valentin egunean, hil baino ordu batzuk lehenago: "Zure maitearentzako zer ezkutatzen duzu mahukan?", idatzi zion atzo Steemkampek atletari Twitter sare sozialean, SAPA hegoafrikako albiste-agentziak jakitera eman duenez.
Pistoriusek ostiral honetan deklaratuko du Pretoriako epaitegian. Katlego Mogale Hegoafrikako Poliziaren bozeramaileak eNCA telebista lokalean azaldu duenez, Pistorius epailearen aurrera ostiralean eramango dute, fiskalak auzia prestatzeko denbora gehiago behar duelako.