Beste kirolak
Urriaren 12an
Eneko Llanos, faboritoetako bat Hawaiiko Ironman proban
Erredakzioa
36 urteko triatloilari gasteiztarra inoizko denboraldirik onena eginda joango da Munduko Txapelketara.
-
Eneko Llanos. Argazkia: Bat Basque Team
Eneko Llanos gasteiztarra izango da Hawaiiko Ironman probako faborito nagusietako bat, Munduko Txapelketatzat jotzen den proban, alegia. Urtero bezala, Kona hirian jokatuko da egutegiko probarik ospetsuena, eta, ohikoa denez, triatloilariek guztira 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletaz, basamortuan barrena, eta, bukatzeko, 42 kilometro korrika egin beharko dituzte.
36 urte dituela, Ironman probak egiten dituenetik inoizko denboraldirik biribilena eginda joango da gasteiztarra Munduko Txapelketara. Abu Dhabiko triatloian bigarren postua lortuz ekin zion denboraldi honi, eta, ondoren, sona handiko bi garaipen erdietsi zituen Melbourne eta Frankfurt hirietan. Alemaniako proban, gainera, Europako Txapelketa eskuratu zuen.
2008an lortutako bigarren postua izan da Konan eskuratu duen emaitzarik aipagarriena, eta azken bi edizioetan proba utzi behar izan du, arazo fisikoak tarteko. Bera da, zalantzarik gabe, palmaresik onena duen euskal triatloilaria. Aurten goiz lortu du Hawaiiko probarako sailkatzea, denboraldian zehar erdietsitako postu bikainei esker, eta horrek orain arte Hawaiira begira egin duen prestakuntza aldatzeko aukera eman dio. Azken hilabetea Boulderren (Kolorado, AEB) eman du, Dave Scott entrenatzaile berriarekin. Basque Team taldeko kirolariak, beraz, sasoi puntu egokian egingo dio aurre denboraldiko helburu nagusiari, Hawaiiko Ironman probari.
Konatik hitz egin du Enekok Basque Team fundazioarekin, bertan emango baititu proba aurreko 10 egunak, Hawaiiko muturreko berora eta hezetasunera behar bezala egokitzeko.
"Bost aste eman ditut Boulderren, altueran, inolako ezbeharrik gabe, eta sentsazio onak izan ditut. Orain Konan gaude, prestakuntzaren azken txanpan, bolumen eta intentsitate gutxiagoko lan-saioak egiten. Egun hauetan ez du aparteko berorik egin, baina tenperatura ez da 30 gradutik jaitsi eta hezetasuna % 80 eta % 90 artekoa da. Lehenengoz entrenatu dut altueran Hawaiira joan aurretik, baina beste proba batzuk prestatzeko egin izan dut. Horrek onurak ekartzeaz gain, entrenatzaileak bertatik bertara jarraitzeko aukera izan du, bertan bizi baita. Entrenamenduetan sentsazio onak izan ditut, eta oso gustora nago, baina ikusteko dago esfortzuak proba horretan eraginik duen. Ez diet iragarpen edo kinielei begiratu nahi, guztia eman nahi dut eta gustura geratu egun horretan eman dezakedan errendimenduarekin. Konan ez du ezertarako balio urte osoan egindakoak, bertan edozer gauza gerta daiteke eta. Maila oso altua da, faborito ugari daude eta ez direnak ere lehen postuetan egon daitezke", esan du Eneko Llanosek.