Itxi

Beste kirolak

Laguntzak

Basque Team Fundazioak ia 564.000 euro banatuko ditu goi mailako kirola bultzatzeko

Agentziak | Erredakzioa

Fundazioak bekak banatuko ditu 66 kirolari eta 9 teknikariren artean. Laguntzak jasoko dituzten kirolari kopurua orain arteko altuena izango da.

0:59
Basque Teamek inoiz baino bekadun gehiago izango ditu aurten

Basque Team Fundazioko Batzorde Betearazleak erabaki du, 563.750 euro banatzea beketan goi mailako 66 kirolariren eta 9 teknikariren artean. Fundazioak bekatutako kirolari kopurua orain arteko altuena izango da, urtero berritzen diren laguntza hauen bitartez inoiz ez baitira horrenbeste kirolari eta teknikari bekatu orain arte.

Banakako laguntzez gain, Basque Teamek 318.000 euro bideratuko ditu euskal kirol federazioek kudeatuko dituzten eta datozen hitzordu olinpiko eta paralinpikoetan talentuen parte-hartzea bultzatzea xede duten bikaintasun proiektuetara.

Basque Team Fundaziotik jakinarazi dutenez, goi mailako banakako bekak onartzeko edo ukatzeko aintzat hartzen dira aurreko denboraldian nazioarte mailako txapelketa, Europako eta Munduko txapelketa eta Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan maila gorenean lortutako emaitzak eta parte-hartzeak, balorazio irizpide zorrotzak ezarrita.

Laguntza ekonomikoez gain, laguntza biomedikoak (QuironSalud taldearekin dagoen kolaborazio akordioaren bitartez sendotuta), teknikoak, trebakuntza zerbitzuak, irudi eta komunikazio zerbitzuak, eta ikasketetan eta lanean hastean eskainitako laguntzak ere jasoko dituzte.

Halaber, genero berdintasuna bultzatzeko eta kirolariak gizartearentzat eredugarriak diren baloreen eramaileak izateko Basque Teamen apustuari dagokionez, bekak jasoko dituzten kirolariek ez dute adierazpen arrazista, xenofobo, matxista edo bereizkeriazkorik egingo emakumeei buruz, eta, ez dute intolerantziazko adierazpenik egingo pertsona edo kolektibo jakinei buruz. Basque Team Fundazioak martxan jarri duen 'Baloreetan BAT' proiektuaren barruan kokatuta dago ekimena; proiektuaren bitartez, kirolaren balioak enpresaren esparruan eta hezkuntzan aplikatu eta zabaldu nahi ditu Basque Teamek.

BEKADUNAK

Modu honetan, 54 olinpiar kirolariez gain, 9 teknikarik ere Basque Teamen laguntza jasoko dute. Beste 12 kirolarik enbaxadoreen taldea osatuko dute, eta Basque Team balioak hedatuko dituzte 'Baloreetan BAT' proiektuaren barruan.

Hain zuzen, Basque Teamekin ibilbide luzea duten kirolariek laguntzak jasotzen jarraitzen dute, besteak beste, Maialen Chourraut, Ander Elosegi eta Iñigo Peña piraguistak, Lucas Eguibar snowboardlaria, Jon Santacana eskiatzailea, Asier Garcia gurpil aulkiko saskibaloi jokalariak, edota Amador Granados txirrindulariak.

Aurtengo bekadun berriak dira: Aritz Maestu izotz-patinaje artistikoko kirolaria, Itsaso Munguira atleta, Leticia Canales eta Nadia Erostarbe surflaria, Lide Erbina errugbi jokalaria, eta Mercedes Castellanos eskubaloi jokalaria.